Zapatuan estreinatuko dute 'Bertsolari', Asier Altunaren dokumentala

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 16a

Donostiako zinemaldian aurkeztuko dute Bertsolari, Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo. 16:00etan, Kursaaleko auditorioan estreinatuko dute. Beste hiru emanaldi izango dira Zinemaldian: domekan, 18:15etan, Antiguo Berriko 1, 2 eta 3 aretoetan eta astelehenean, 12:00etan, Victoria Eugenian eta Principe 7 aretoan, 20:45ean.

Bertsolari, Bidaia bat-bateko poesian, isiltasunean eta arte biluzian barrena, hala titulatu du Asier Altuna.

Zer kontatzen du?

Bertsolariak euskaraz abestutako bat-bateko bertsoak sortzen ditu. Ahozko tradizio hau denborarekin aldatu eta garaietara egokitu da. Hala, belaunaldi gazteenekin ere konektatu du, eta azken txapelketan 14.000 ikusle bildu zituen. Estetika soileko artea izan arren, oraindik ere harrigarria gertatzen da gauza ikusgarriz eta efektu bereziz betetako garai honetan.

Asier Altunaren hausnarketak

"Bertsolari txapelketako finalera joaten nintzenean hunkitu egiten nintzen. Beraz, bertsolariei buruzko film bat egin eta ikusleak hunkitzea lortuko banu, ahalegina egitea mereziko lukeela pentsatu nuen. Hori izan zen nire erronka eta horregatik erabaki nuen filma egitea".

"Bertsolaritzak atsegin ditudan hainbat gauza ditu. Masako ikuskizunen aurkakoa da, baina estadioak betetzeko, ikusleak hunkiarazteko, barre eta negar eginarazteko gaitasuna du, hitzek eta isiluneak soilik baliatuta. Ikuskizun sinplea da, apaingarririk gabea, biluzia eta isila".

"Gaiak berak lagundu digu estimulu moduan filma sortzeko prozesuetan. Asko gozatu dugu inprobisatzen, gidoia filma egin ahala idazten, lehenik amaiera pentsatzen –bertsolariek egiten duten bezala–, bertsoen egitura eta pelikularena alderatzen, isiluneekin eta biluztasunarekin jokatzen, bertigoarekin. Baina batez ere intuizioak gidatu gaitu. Nora iritsiko ginatekeen oso ondo jakin gabe, prozesuarekin gozatu dugu, eta bukatu dugunean izugarrizko poza sentitu dugu".

"Film hau egitea oso garrantzitsua izan da niretzat, pelikularekin batera hazi bainaiz ni ere. Mikrofono baten aurrean jarri eta bihotz-bihotzez kantatu dudala sentitzen dut".

Fitxa teknikoa

  • Gidoia eta zuzendaritza: Asier Altuna.
  • Produkzio burua: Marian Fernandez.
  • Irudia: Gaizka Bourgeaud.
  • Edizioa: Laurent Dufreche.
  • Musika: Herrikoiak.
  • Zuzeneko soinua: Pablo Bueno eta Joseba Otxoa.
  • Soinu edizioa eta nahasketak: Sonora estudios.

Fitxa artistikoa

  • Maialen Lujanbio (bertsolaria).
  • Andoni Egaña (bertsolaria).
  • Joseba Zulaika (antropologoa).
  • John Miles Foley (hozkotasunean aditua).
  • Miren Amuriza (bertsolaria).
  • Jon Sarasua (bertsolaria).

Filmearen datu teknikoak

  • Luzemetrai dokumentala.
  • Koloretan.
  • 35mm / dcp.
  • Iraupena: 90 minutu.
  • Soinua: 5.1 / Dolby digital.
  • Formatua: 1:1,85.

Asier Altunaren biografia

Bergara, 1969. Ikus-entzunezkoen munduan argiztapen teknikari gisa sartu zen. Telmo Esnalekin batera zuzendu zuen lehen film laburraren, Txotx izenekoaren, ostean, gidoiak idazten eta zuzendaritza lanetan hasi zen. Film labur, telesail eta iragarki ugari sortu ditu. Gainera, 2005ean, Esnalekin batera lehen film luzea zuzendu zuen, Aupa Etxebeste! Horrekin, Epaimahai Gaztearen Saria lortu zuten Donostia Zinemaldian eta Zuzendari Berri Onenaren Sarirako proposatu zituzten Goya sarietan.

Asier Altunaren filmografia

  • 1997, Txotx film laburraren zuzendaritza eta gidoia Telmo Esnalekin batera.
  • 1999, 40 ezetz film laburraren zuzendaritza eta gidoia Telmo Esnalekin batera.
  • 2002, Topeka film laburraren zuzendaritza eta gidoia.
  • 2005, Aupa Etxebeste! film luzearen zuzendaritza eta gidoia Telmo Esnalekin batera. Epaimahai Gaztearen Saria lortu zuten 53. Donostia Zinemaldian, ikusleen saria Alcaláko 35. zinema jaialdian eta film onenaren saria 2006ko Terra di Siena zinema jaialdian (Italia).
  • 2008, Sarean film laburraren zuzendaritza eta gidoia.
  • 2008-2009, Etb1erako Brinkola telesailaren 13 atalen zuzendaritza eta gidoia Telmo Esnalekin batera.
  • 2010, Artalde film laburraren zuzendaritza eta gidoia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak