Hilabete hauetan guztietan asko ikasi du Galiziako Foltra osasun zentroan. Horixe bera kontatu digu haren amak: "Galizian lan asko egin dugu Magalirekin: fisioterapia, ikusmen-estimulazioa, terapia okupazionala–sentsibilitatea lantzeko–... Horrez gain, psikoneurologoa eta logopeda ere bazituen jarraipena egiten. Asko aurreratu dugu. Orain gehiago dago mundu honetan eta badirudi hasi dela gauzak ulertzen. Badaki, esaterako, amatxo eta aitatxo nortzuk garen eta ikusten gaituenean pozik jartzen da. Hori, esaterako, niretako oso-oso garrantzitsua izan da. Goizean jaiki eta harengana joaten naizenean besarkada bat ematen dit. Horrez gain, barre asko egiten du orain eta kontaktua eta mimoak asko gustatzen zaizkio", kontatu digu Nagore Egurenek.
Familia elkarrekin berriro ere
Neska-mutiko guztiek bezala, Magalik ere oporrak hartu ditu abuztuan eta Bergarara itzuli da. Asmoa da, orain, Galizian hasitako tratamenduak eta lana Bergaran jarraitu ahal izatea eta Galiziara itzuli beharrik ez izatea: "Urrian medikuarekin txanda daukagu Galizian eta hark esango du zer egin. Dena dela, guk nahiko genuke Bergaran gelditu eta tratamenduekin hemen jarraitu, betiere Galiziako Foltra zentroaren gidaritzapean". Izan ere, etxera itzultzea oso garrantzitsua izan da familia guztiarendako: "Oso urte gogorra izan da. Azkenean, berriro ere elkarrekin gaude guztiok eta horrek asko laguntzen du. Galizian hutsune handia sentitzen nuen".
Erantzunarekin hunkituta
Bergaran denek ezagutzen dute Magali, asko izan dira-eta haren tratamendurako dirua lortzeko egin diren ekitaldiak. Amak kontatu digu oso garrantzitsua izan dela herritarren babesa: "Ezin dut hitzez azaldu nola sentitzen garen. Oso berezia izan da. Galizian geundela jaialdiaren bideoa ikusi genuen malko artean. Jendearen babesa oso garrantzitsua izan da aurrera egiteko".
Familiaren eta lagunen berotasunean, poliki-poliki eta egunetik egunera, aurrera egingo du Magalik. Ongi etorri!