22:30ean abiatuko da Burdiñatetik, herri barruko eta alde zaharreko kale nagusiak zeharkatu ostean, plazan amaitzeko. 400 kidek hartuko dute parte. 10 konpainia edo taldek. "Geroago eta gazte jende gehiagok", Udaletik adierazi dutenez.
Gaztetxekoak, praka edo gona mahodunekin eta gaztetxeko kolore ezberdineko kamisetekin. Gainerakoan, ohikoak: Aritzeta Abesbatza, San Joxepe, Herriko Danborjoleak, Artatse, Zutabeberri, Zuloa, Urdinak, Lasai Tokiko sukaldariak, frantziskotarren karroza eta Japongo guardia…. Eta, guztiak, Udal Musika Bandaren doinuei jarraiki.
Gainera, Bergaran berezi den moduan, herriko musikariek konposatutako piezekin: Pertxa, Lasai Toki, San Martin martxa…
Behin plazan, Nagasaki 1597 eta San Martinen ereserkia. Gauerdirako. Esan bezala, San Martin Agirre frantziskotarraren gurutziltzaketaren antzezpenarekin eta banderadunek udaletxeko balkoitik banderak astintzen dituztela.
Amaiera dramatikoa
Nagasaki 1597, Miguel Gonzalez Bastidak konposatutako pieza da eta erritmo eta melodia japoniarrak nahasten ditu. 1970ean estreinatu zuten, Felix Garitano apaizak (gaur egun Donostiako alde zaharreko San Bizente eta Santa Maria elizetako parrokoa), enkargatuta eta estanpa modura antzeztua.
Izenburuak adierazten moduan, 1597 urteko otsailaren 5ean, Japongo Nagasaki hirian gurutziltzatu zituzten 26 frantziskotar, gerora martiri bihurtu zirenak. Horien artean zen Agirreko San Martin, historialariek diotenez Bergarako semea zena (nahiz eta beste batzuek dioten Beasaingoa zela eta San Martin Loinazkoa).
Bihar umeena
Bihar, San Martin eguna, jai eguna Bergaran, umeen danborrada izango da, 18:00etan Burdiñatetik abiatuta. 270 neska-mutikok hartuko dute parte eta danbor jotzaile eta banderadunez gain, hemen ere, Japongo enperadoreen gorte eta frantziskotarren karroza eta guzti. Musika Eskolako Bandak lagunduta.