Gizakiaren eta animalien arteko harremanaren gainean hausnartzera daraman erakusketa irekiko dute eguaztenean, hilak 21, Zabalotegiko frontoian. Sentitzea animaliek bezala izenburupean, hilaren 28ra arte egongo da zabalik, astelehenetik egubakoitzera 09:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketaren ildo gidaria gizakiaren eta animalia basatien arteko elkarbizitza da, eta baso sinboliko baten zehar eramango du bisitaria. Aldundiak parte hartzen duen Faureco Europa mailako proiektuaren barruan dago erakusketa, eta fauna basatia berreskuratzeko zentroek eta, bereziki, Donostiako Arrano Etxeak egiten duten lana zein den erakutsiko diete bisitariei.
Hiru espaziotan barrena
Erakusketa hiru espaziotan banatzen da: lehenengoak Bizitzaren misterioa du izenburu eta bertan, bisitaria basoaren bizitzan murgilduko da. Zentzumenak esnatzen dira, naturaren txokoek ezkutatzen dutena ezagutzeko.
Bigarren espazioak Milaka urtetan elkarrekin bizitzaren kontu honetan du izena, eta gizakien eta animalien arteko harremana iraganean izan zenaren eta gaur egun denaren gaineko hausnarketa egiten du. Aldi berean, etorkizunerako testuinguruak proposatzen ditu.
Hirugarrenak, Fauna sendatzeko zentroak, biziaren eta heriotzaren bidean izenekoak, fauna basatia berreskuratzeko zentroen lana jasotzen du. Hala, Arrano Etxea (Gipuzkoa), Ilundain (Nafarroa) eta Alca Torda (Landak) fauna sendatzeko zentroen arteko kudeaketa eta teknika-trukea bultzatzeko Fareuco proiektuaren azalpena ikus daiteke.
Arrano etxea, erreferente
1985ean, Albisu familia euren inguru naturalean bizirik irauteko moduan ez zeuden animalia zaurituak hartzen hasi zen, Igeldoko baserrian. Animaliak berreskuratzen zituzten, ahal zen heinean bizitza basatira itzul zitezen. Hala, Arrano Etxea sortu zuten, eta, azken urteotan egindako lanagatik, Gipuzkoan erreferente bilakatu da faunaren berreskurapenean. 200 espezietako 7.000 animalia baino gehiago artatu ditu –hegaztiak batik bat–, eta %63 naturara itzultzea lortu dute.