TM3: Telesforo Monzon (1904-1981): Bergararra, Kultura gizona, Politikaria da erakusketaren izenburua. Hil zela 30 urte betetzen direnean, bergarar ospetsu honen ibilbidea erakusten du. Erakusketak hiru sekzio ditu, pertsonaiaren aspektu desberdinak lantzen dituztenak: Telesforo Monzon bergararra, Telesforo Monzon kultura gizona eta Telesforo Monzon politikaria. Hortik erakusketaren izenburua. Hiru panel handi eta beste sei bat bitrina erabiliko dituzte erakusketan.

Erakusketan, Telesforo Monzon eta bere ibilbide politikoarekin eta produkzio literariorekin zer ikusia duten idatzizko argibideak, jatorrizko ikonografia eta dokumentazioaren erreprodukzioak eta hainbat objektu original ikusteko aukera izango da.
Argazkiak, eskuizkribuak, diskoak…
Hain zuzen ere, formatu handiko 3 argazki-kopia, 15 bat argazki original, eskuizkribuak (gutunak, kantak, liburua…), argitaratutako liburuak (berak idatzitakoak eta beste autore batzuek berari eskainitakoak), Telesforo Monzonen bizitza ilustratzen duten era desberdinetako dokumentuak (Jaurlaritza garaiko dokumentuak, erbeste garaiko emigrazio-agiriak, etab.), diskoak eta bere bizitzako pasarteen lekukoak diren beste objektu pertsonal batzuk: lanerako erabiltzen zuen eskritorioa, lehen jaunartzeko jantzi dotorea etab.

Erakusketaren planteamendua, diseinu museografikoa eta edukiak Bergarako Udalak egin ditu eta Olaso Dorrea Sorrerakundearen laguntza izan du. Fundazioak utzi ditu, besteak beste, erakusketan ikusiko diren objektu originalak.
Diseinu grafikoa Bergarako Islada Multimedia enpresak egin du. Ostegun arratsaldean izango da erakusketaren inaugurazio ekitaldia.
Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez aurkeztuta dago erakusketa. Honako hau izango da erakusketaren ordutegia: lanegunetan: 18:00tik 21:00ra; zapatu, domeka eta jai egunetan: 12:00tik 14:00ra eta 18:00tik 21:00ra; eta, irailaren 17an (Monzonen gaineko pastoralaren egunean): 11:00tik 21:00ra.
Monzon plotikoa
Telesforo Monzon abenduaren 1ean jaio zen Bergaran. Familia aberatsekoa, haren aita Bergarako alkate izan zen. Madrilen egin zituen zuzenbide ikasketak eta han lizentziatu zen. Gaztetan abertzaletasunaren tesiak berenganatu zituen eta 1930ean, Aberri eta Comunionek bat egin —Bergaran egin zen ekitaldian— eta EAJ batu zenean, EAJn sartzea erabaki zuen; 1931n afiliatu zen. 1933an, Espainiako II. Errepublika garaiko Legebiltzarreko diputatu hautatu zuten EAJren izenean. 1936an, Euskadiko Gudarostea antolatzen ibili zen. Urte hartan ezkondu zen Eskoriatzan, Maria Josefa Ganuzarekin, hau ere familia aberats bateko kide.

Lehen Eusko Jaurlaritzako Gobernazio sailburu izendatu zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936an. 1937an, erbestera alde egin behar izan zuen. 1946an, Kultura sailburu izendatu zuten. 1953an, artean erbestean zela, laga egin zuen sailburu kargua Agirre lehendakariarekin ez zelako ondo konpontzen.
Ezker abertzalerantz
1960an, Agirre lehendakariaren heriotzaren ostean, EAJrengandik urruntzen hasi zen eta Ipar Euskal Herriko errefuxiatuekin harremanak estutzen. 1977an, Hego Euskal Herrira itzuli zen eta EAJren Lapurdiko Uri batzarrak alderditik kanporatu egin zuen. Urte hartan, abuztuaren 5ean, harrera bero eta jendetsua eskaini zitzaion Bergaran, jaioterrian, askatasunaren aldeko ibilaldiarekin bat eginez. 1978an, Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen. 1979an Espainiako Gorteetako diputatu aukeratu zuten HBren izenean; 1980an Gasteizko legebiltzarkide (HB).


1981ean, Donibane Lohitzunen hil zen, martxoaren 9an, 75 urte zituela. Bergarako San Pedro elizan egin ziren haren aldeko hileta elizkizunak martxoaren 12an. Bergara jendez bete zen. Jaioterrian lurreratu zuten familiako panteoian.

Monzon literatura gizona
Berrogeiko hamarkada Urrundik eta Gudarien Egunak poema liburuak argitaratu zituen. Horretaz gain, sei antzerki lan ere idatzi zituen, horien artean, Hazparneko anderea edota Menditarrak. 1966an Euskaltzaindiko kide izendatu zuten.
Baina, Monzon oso ezaguna ere bada utzi zituen abesti ospetsu ugariengatik. Pantxoa eta Pellok egin zituzten ezagun, batik bat, 70eko azkeneko urteetan. Itziarren semea, Lepoan hartu edota Plazara dira bergararrak idatzitako kantak.
Pastorala karpa azpian
Bestalde, zapatuan, Monzon pastorala jokatuko da Bergaran. Larraineko herritarrek antzeztuko dute abuztuan euren herrian, Zuberoan, birritan eskaini ostean. Pastoralerako karpa bat jartzea erabaki du Udalak. Izan ere, euri arriskua iragarri dute eta, badaezpada ere, estalkia jarriko dute. 2.400 lagun espero dituzte Bergaran pastorala ikusteko. Sarrerak 15 eurotan jarri dituzte salgai. Debagoienean, honako tokiptan: Bergarako Turismo Bulegoan, Bergarako Kultura Etxean, Arrasateko AED elkartean eta Oñatiko Kultura Etxean.
