Kutxu Otamendi zenaren lanak Aroztegin

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ira. 14a, 18:46

Kutxu Otamendi zenaren (1963-1993) obra ezagutzera eman eta haren ekarpenari omenaldia egin diote Beart elkartekoek eguenean ireki zuten erakusketan. Zarauztarra izanik ere, lotura estua izan zuen Bergararekin Otamendik –lehen urratsak bertan eman zituen, umetan– eta, horrela, artistaren 15 bat pieza ipini dituzte Aroztegi aretoan, hilaren 25era arte.

Bergarara 9 urterekin iritsi eta berehala sartu zen artearen munduan Verdury-ko (lehengo azoka plazako ganbaran) estudioan, Lazkano, Muniategiandikoetxea, De Pedro, Altuna eta abarrekin batera.

Bergarako pintura eskolakoa izaki, Zarautz eta Donostian garatu zuen ibilbidea eta merkatu profesionalera iritsi zen Artelekun lanean eta El Gallinero (Manu Muniategiandikoetxea, Jose Ramon Amondarain…) izeneko kolektiboan ziharduela, Donostiako Igara auzoan.

1990 eta 1993 urteetan Madrilgo Arco erakustazokan hartu zuen parte. Gailurrean zegoela, 1993 urtean bertan moto istripu batean hil zen artista.

Abstrakzioa eta sinbolismoa

Aroztegin dauden margoen aukeraketa Muniategiandikoetxea, Amondarain eta De Pedro artista eta haren adiskide izandakoek egin dute. Antologia bat egitetik urrun, Otamendiren bi sasoi dira nagusiki ikus daitezkeenak: lehena lur tonalitate eta elementu adierazgarriak dituen etapa sinbolikoagoari dagozkionak eta bigarrena, abstrakziora jo zuen etapa izan zena; barrokoagoa eta espresionistagoa bilakatuko zena 90 hamarkadarako.

Ordutegia

Hilaren 25era arte ikus daiteke erakusketa. Astean, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:30era, eta domeketan, goizez bakarrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak