Ibargaraiko zuhaitzak bota izana salatu du Equo taldeak

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko irailaren 12a

Ingurumenari zaion "errespetu faltaren adibide bat gehiago da" taldearen ustez. Udalak dio batetik, espaloiaren erdi-erdian zeudela eta bestetik, garbi dutela "naturaren

Equo Gipuzkoak salatu egin du prentsa ohar bidez Udalak Ibargarai kalean trafikoa berrantolatzeko egindako lanen ondorioz hainbat zuhaitz bota izana. 

Prentsa oharrean dioenez, "gertakari isolatua" izan arren, "ingurumenari zaion errespetu faltaren adibide bat gehiago da". "Porlana ingurune naturalari lekua hartzen ari zaiola" erakusten du, Equo Gipuzkoaren arabera; baita ere, gaur egungo "eredu produktiboa eraikuntzan oinarritutako etengabeko hazkuntza" dela.

Horrekin guztiarekin, Equok "eredu aldaketa exijitu" du eta azaldu du "keinu guztiak naturarekiko harreman justu baten erakusle" izan behar direla. Hori dela eta, eskatu dio Udalari "elementu naturalak aintzat hartzeko eta gune berdeak bultzatzeko".

Udalaren arrazoiak

Udal teknikariek zuhaitzok botatzeko arrazoiak azaldu dituzte. "Zuhaitz lerrokadura horrek ez zuen zentzun handirik; oinezkoendako espaloiaren erdi-erdian kokatuta zeuden eta Miguel Altuna institutu ondoan, zati handi baten, ia ez zuten lekurik", san dute teknikariek. Eta gehitu dute: "Ibargaraiko biribilgunea egin aurretik ere, beti izan dugu buruan zuhaitz horiek kentzea". 

Bestalde, zonaldean zuhaitzak landatzeko asmoa dutela esan dute Udaletik: "Hiribideari gogortasuna kentzeko, Seminarioko jolaslekuaren barruko aldean zuhaitz berriak landatzeko zirriborroa lantzen ari gara. Espezie egokiekin eta posible bada, hostozabalak".

Bukatzeko esan dute: "Udal agintari eta teknikook garbi daukagu naturaren presentzia ezinbestekoa dela eta horren haritik, lanean jarraituko dugu Bergara herri atsegin bat izan dadin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak