Labegaraietako areto futbol txapelketak 25 urte beteko ditu

Xabier Urtzelai 2011ko irailaren 8a

Labegaraietako areto futbol txapelketak urteurren biribila beteko du aurten, eta torneo txukuna antolatuz ospatu nahi dute urteurren hori: "Denboraldian zehar badugu zerbait berezia egiteko asmoa", adierazi digu Pedri Zafrak, baina lehentasuna txapelketa abian jartzea da.

Dagoeneko zabalik dago izenemate epea –hilaren 19ra arte– eta hurrengo egunean, hilaren 20an talde bakoitzeko ordezkariekin batzarra egingo dute Kultura etxean (19:30). Hala, izena emateko talde bakoitzak 200 euroko ordainketa egin beharko du Euskadiko Kutxako 3035 0009 12 0090033922 kontu korrontean.

Hamabost talde, zenbateko ona
Txapelketa txukuna egite aldera zenbat talde behar dituzten galdetuta, "Hamabost da kopuru ona, hori da gure helburua. Iaz 13 talde hasi ziren, baina talde batek bertan behera utzi zuen txapelketa. Hala, hamabost-hamasei talderekin torneo polita egin dezakegu. Gehiago etortzen badira, ederto, baina ordutegi aldetik nahiko justu ibiliko ginatekeen, partidu guztiak kantxa barruan jokatu nahi baditugu bai, behintzat".
Talde batzuetako ordezkariek dagoeneko baieztatu dute aurten ere Labegaraietan izango direla: "Iazko ligako eta kopako txapeldun Alytis eta Errota-gain torneoan izango dira, seguru. Eta horrekin batera, brasildarrez osatutako talde baten deia jaso dut, izena eman nahi dutela esanez.
Ez da izango kanpotarrez osatutako lehenengo taldea, azken urteotan bizpahiru talde egon direlako kanpotarrekin egindakoak, eta oso maila ona erakutsi izan dute, gainera: "Latindarrez osatutako talde bat izan dugu, eta baita arabiarrez osatutakoa ere. Azken horiek Zumarraga eta Urretxu aldetik etortzen ziren, eta hirugarren egin zuten ligan, oso ondo jokatzen zuten". Hala, txapelketan jokatzeko jartzen duten baldintza bakarra da jokalariak futbolean federatuta ez egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak