Bergarako Kutxako bulegoko arduradun Pedro Maria Abarrategik, Olaso Dorrea Fundazioko presidente Ramon Mendibilek eta Jesus Elortza alkateak eman dituzte Pastoralaren gaineko argibideak.
Garrantzia berezia
Jesus Elortza alkateak adierazi du Bergarako herriarendako pastoral honek "garrantzia berezia" duela; alde batetik, kulturalki, "ekintza izugarria" delako, eta, bestetik, pastoraleko protagonista berarengatik.
Pastoraleko protagonista Telesforo Monzon izanik, bere kanta ezagunak abestuko dituzte emanaldian eta bere bizitza ekarriko dute gogora. Alkateak esan du bergarar askok gertu-gertutik sentituko dituztela hainbat eszena. Monzonez gain, Bergarako beste pertsonaia batzuk ere azaltzen direlako pastoralean, adibidez, Jose Luis Elkoro.
Herritarrei eskerrak
Jesus Elortzak pastorala egiteko jasotako laguntza eskertu du. Hala, Kutxari eman duen diru-laguntza ekonomikoa eskertu dio eta Olaso Dorrea Fundazioari pleno aretoan irailaren 15etik urriaren 2ra bitartean egingo den erakusketarako materiala utzi izana. Baina Bergarako alkateak ez ditu ahaztu nahi izan herritarrak ere, ehunka herritar dabiltzalako modu batera edo bestera lanean dena ondo atera dadin.
Laguntasun eske
Aurretik bai, baina egunean bertan ere, hainbat zeregin izango direla adierazi du alkateak eta herritarrak laguntzen jarraitzera animatu nahi izan ditu.
Besteak beste, honako lan hauek egiteko beharko da jendea:
- Bazkaria zerbitzatu: 12:00etatik 17:00etara.
- Sarreren salmenta: 15:30etatik 17:30etara.
- Liburu eta CD salmenta: 15:30-18:00etara.
- Sarrerak kontrolatu: 16:00etatik 18:00etara.
- Afaria zerbitzatu: 21:00etatik 23:00etara.
- Tortillak: afaltzeko tortillak egin behar dira, tortillak edozein momentutan entregatu ahalko dira. Eguraldi ona eginez gero, Munibe plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Udal biltegiko 2. solairuan
- Desmuntatzea: 21:00etatik 22:30etara Larrainekoei beraien desmuntatzea egiten laguntzeko (Arropak, telak gorde, kaxak mugitu...).
Baina, horretaz gain, kontuan izan behar da irailaren 17an Bergaran emango dutela gaua larraindarrek. Gurean egingo dute lo. Eta, horretarako, hainbat herritarren etxean ostatuko dira.
Hortaz, Udaletik adierazi dutenez, 17ko gauean norbait animatuz gero larraindarrak etxean hartzera edo goian esandako lanetan laguntzera, deitu dezala Bergarako Udaleko kultura zerbitzura (943 77 91 81) edo bidali dezala mezu bat mosa@bergara.net helbidera.
163 lagun autobusez
Izan ere, Telesforo Monzon pastorala aurten larraindarrek antzeztu dute. Abuztuaren 6an eta 13an estreinatu zuten Larrainen. Urtero Zuberoako herri batek jokatzen du pastorala eta aurten Larraingoei egokitu zaie. Azkenekoz, duela 20 urte antzeztu zuten. Herri txikia da, 220 bat biztanlekoa eta pastoralean modu batean edo bestean, antzezten-eta, 170 bat lagun murgildu dira. Bergarara 163 lagun etorriko dira, autobusez.
Harrera plazan
Alkateak aurreratu du Larraingo herritarrei, Pastorala antzeztuko dutenei, harrera egingo zaiela San Martin plazan, 14:00etan eta, ostean, kale-jira egingo dela. Pastorala 17:00etan hasiko da eta aurreikusi dute ia 4 ordu iraungo duela.
3.000 ikus-entzule
Bergarako Udalak 3.000 lagun batu nahi ditu Pastorala ikusteko irailaren 17an. Horretarako, Seminarioko jolastokia antzoki bihurtuko dute. Harmailak jarriko dituzte, erdian aulkiak eta aurre aurrean oholtza, Miguel Altuna ondoan. Sarrera jolastokira sartzeko sarrera nagusitik egingo dute.
Baina, litekeena da, eguraldiak ez laguntzea eta euria egitea egun horretan. Hala gertatuko balitz, beste plan bat aurreikusi dute. Karpa handi bat jarriko lukete jolastokian, estalki modura eta, horrela, 2.400 agunendako tokia izango litzateke gehienez ere. Aurrekontua osatzeko traba izango litzateke, baina, gutxienez, Pastorala antzeztuko zela ziurtatuko lukete. Alkateak aurreratu du 63.000 euroko aurrekontua duela pastorala Bergarara ekartzeak.
Garraio publikoa
Irailaren 17ko egun horretarako hainbat ohar ere eman nahi izan dituzte. Horrela, Debagoienetik emanaldia ikustera joango diren herritarrei garraio publikoa erabiltzeko dei egin diete. Edozelan ere, hiru parking egokituko dituzte: San Martin eskolan, Martinez Irala eskolan eta Mayc-en. Saioa hasi baino ordubete lehenago, 16:00etarako, bertaratzea aholkatu dute.
Sarrerak salgai 15 euroren truke
Sarrerak dagoeneko salgai daude, hainbat tokitan, bai Debagoienean eta baita hiriburuetan ere:
- Bergarako Turismo Bulegoan.
- Bergarako Kultura Etxean.
- Arrasateko AED elkartean.
- Oñatiko Kultura Etxean.
- Baionako Elkar dendan.
- Donostiako Groseko AEK euskaltegian.
- Donostiako Amarako AEK euskaltegian.
- Bilboko Kalderapeko tabernan.
- Bilboko Kafe antzokian.
- Iruñeko Karrikiri euskal dendan.
- Iruñeko Auzolan liburu dendan.
- Irurtzungo Martxueta liburu-dendan.
- Egunean bertan: 15:30etik aurrera Seminarioko jolastokian bertan.
Monzonen gaineko erakusketa
Horretaz gain, Telesforo Monzonekin lotuta, erakusketa ere izango da ikusgai Bergarako pleno aretoan. TM3. Telesforo Monzon (1904-1981): Bergararra; Politikaria; Kultura-gizona da erakusketaren izenburua.
Erakusketan, Telesforo Monzonekin, eta bere ibilbide politikoarekin eta produkzio literarioarekin zerikusia duten idatzizko argibideak, jatorrizko ikonografia eta dokumentazioaren erreprodukzioak eta hainbat objektu original ikusteko aukera izango da. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez izango da erakusketa, irailaren 15etik urriaren 2ra bitartean, ondorengo ordutegiarekin:
- Astelehenetik ostiralera: 18:00-21:00.
- Asteburuetan: 12:00-14:00/18:00-21:00.
- Irailaren 17an (pastoralaren egunean): 11:00-21:00.
Erakusketa Bergarako Udalak antolatu du, Dorre Olaso Fundazioaren laguntzarekin.








