Zer ikasiko dute parte-hartzaileek gaur 18:00etatik 21:00etara Bergarako Irizar jauregian egingo den ikastaroan?
Hain justu ere, oliba-olioa gure elikaduraren urrezko likidoa dela eta Espainia munduko lehen ekoizlea dela ikasiko dute saio horretan parte hartzen dutenek. Horren harira, Bergarako Udalari eskertu egin nahi diogu oliba-olio ekologikoari buruz egiten diren ekimenak aurkeztea eta sustatzea.
Nolakoa izango da ikastaroa?
Lehenik eta behin, Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren aurkezpena egingo dugu. Nafarroan kontrol publikoa eroaten duen erakundea da hori; hain justu ere, Eco eta Bio ziurtagiria duten 500 elikagaitik gora kontrolatzen eta sustatzen ditu.
Ikastaro parte-hartzailea izan dadila nahi dugu. Jarraian, Maria Luz Juanmartiñenak, Corraliza de D. Pabloko ugazabak, egingo du berba. Empeltre, picual eta arbequina motetako olibondoak ditu han. Horien ekosistemaren gainean berba egiteaz gain, produktu kimikoak erabili barik eta ingurumena errespetatuz olibondoak zelan tratatu azalduko du. Horretaz gainera, lurraren emankortasunaz eta olibondoak dituen ingurunearen ezaugarriez ere hitz egingo du.
Bestalde, Mario Gomarak, la Casa del Aceiteko enpresako gerenteak, olioa egiteko prozesua erakutsiko die parte-hartzaileei. Olibak hartzen direnetik olioa egiten den arteko pauso guztiak azalduko ditu, eta baita dastatzea zuzendu ere.
Eta asmo nagusia da ikastaroan parte hartzen duten guztiak Nafarroako olio ekologikoaren gaineko oinarrizko ezagutzekin irtetea handik. Izan ere, 250 hektareatik gora ditugu; hain justu ere, kalitate handiko olioa egiten duten zortzi enpresa ditugu Nafarroan. Eta gaur arte jaso dituzten sariek bermatzen dute hori.
Nori dago zuzenduta ikastaroa?
Olioaren bertuteak, motak eta sukaldean dituen erabilera ezberdinak ezagutu nahi dituzten guztiei.
Orain arte ardoa izan da ikastaroetako izarra. Itzala egitea lortu ahal du olioak?
Nafarroan, Errioxako eta Nafarroako jatorri izena duten 23 upategi ditugu, eta urtero egiten ditugu askotariko ardoen dastatzeak. Baina, azkenaldian, kontsumitzaileak olio motak eta elikagaietan zelan erabili jakiteko ikusmina du, eta ikastaroak kontsumitzailea Bio elikagaietara hurbiltzeko egokiak direla iruditzen zaigu.
Nafarroako olioa zertan bereizten da gainerakoetatik?
Klimatologian. Herrialde bakoitzean barietate espezifikoak daude. Kalitate handikoak dira guztiak eta dagokien erakundeen bermea dute. Eskaintza zabala dugu, munduko olio garestienetik normaletara. Hortaz, jende orori olio-errotak bisitatzeko gonbita egiten diogu. Azaroa da horretarako sasoi ona, bilketa, uzta eta xehatzea egiten da-eta.
Zenbat olio mota daude Nafarroan?
Hemen lau olibondo landatzen ditugu: hain justu ere, arroniz, picual, empeltre eta arbequina barietateak.
Zein da oliba barietate horien berezitasuna?
Arbequina barietatea belar moztuaren usainarekin identifikatzen da, fruta-arbola da arinki. Ahoan mina da, eta sagar berdearen zaporea du.
Empeltre barietatea fruta-gustuko usaina du; hain justu ere, almendra mingots, tomate berde eta sagar berdearena. Ahoan daukagunean, oliba berde erdi-heldua eta almendra gogorarazten digu. Picual barietatea sudurrean almendra mingots, min, belar moztu goxoagatik bereizten da. Ahoan mina da.
Zeintzuk dira kontsumitzaileen artean harrera onena duten olioak?
Oliba-olioa. Baina hori aldatu egin daiteke, denbora eta elikagaien arabera. Horixe da, hain justu ere, ikastaro horretan ezagutarazi nahi dieguna: dauden barietateak ezberdintzen eta erabiltzen ikas dezatela eta, horren arabera, erabaki dezatela.
Ardoarekin gertatzen den moduan, errezeta bakoitzarendako olioa mota bat daukagu?
Halaxe da. Esaterako, picual oso ondo doa entsaladetan. Empeltre, frijitzeko egokia da, eta okela eta arrainetarako arbequina gomendatzen dugu; eta ogi txigortua gustuko dutenendako, ostera, arroniz izango dute gustuko.
Postreetan ere erabil daiteke. Azken horren harira, hona hemen errezeta sinple baina gozoa: laranja-xerrei arbequina motako olio tanta batzuk bota, eta gainetik txokolate txirbilak. Gozoagoa geratuko da laranja hotz baldin badago.