Jostailuak trukatzeko azoka antolatu du Jardun elkarteak iaz egin zuen bezala. Jostailuekin ematen den gehiegizko kontsumoa murrizteko eta jostailuen berrerabilpena bultzatzeko antolatu dute azoka hori. Hala, umeek erabiltzen ez dituzten eta egoera onean dauden jostailuak Jardunen bulegora eramanda, txartela jasoko dute han. Gero txartel hori beste jostailu batengatik trukatu ahal izango dute azokan.
Jostailuak egoera onean
Trukerako jostailuek bete beharreko baldintzei dagokienez, egoera onean eta osorik egon beharko dute; panpinak eta garraioak, kopurua dena delakoa ere, txartel bakar baten truke aldatuko dira; eta ez dira onartuko sexu bereizketarik edo indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten duten jostailurik. Izan ere, jostailua haurraren garapenerako tresna ezin hobea da eta horregatik jostailu hezitzaileen alde egitea komeni da.
Jostailuak Jardunera eraman
Irailaren 19an hasi eta 29ra arte batuko dituzte jostailuak Jardunek kultura etxean duen bulegoan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.
Azokari dagokionez, Arrizuriaga jauregian egingo dute irailaren 30ean 17:00etatik 20:00etara eta urriaren 1ean, 11:00etatik 13:00etara.