Uberan autoen abiadura murrizteko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko lanak egingo ditu Udalak gaurtik aurrera.
Bergara eta Elgeta lotzen dituen GI-2632 errepideak bitan banatzen du Ubera auzoa; auto ugari ibiltzen da han eta auzotarren urtetako eskaria da horri irtenbidea ematea.
Gainera, bidearen albo bietara dauden eraikinek mugatu egiten dute errepidearen zabalera, tarteetako baten; ondorioz, ez dago espaloirik eta hori ere muga handia da oinezkoen mugikortasunerako.
Zortzi semaforo
Hori guztia kontuan izanda, Aldundiak irtenbidea diseinatu du zeharbide horretarako eta Udalak gauzatu egingo du: semaforo bana jarriko dute auzoaren muturretako bakoitzean eta horiek emango diete paso autoei, txandaka. Gainera, gaur egungo biak beharrean, bide bakarra bideratuko da zirkulaziora eta geratzen den lekua aprobetxatuko dute bidearen albo banatan oinezkoendako espaloia egiteko.
Semaforo horien osagarri beste sei jarriko dituzte auzoan barrena, erdigunetik eta baserri bideetatik doazen autoen sarrera erregulatzeko GI-2632 errepidera.
Lan gehiago
Bestalde, edateko ur, elektrizitatea, telefonia sare, gas eta halako zerbitzuetarako azpiegiturak sartzeko lanak ere egingo dituzte Uberan. Horiek GI-2632 errepidearen azpian sartuko dituzte eta astelehenean bertan hasiko dira.
Udaletik aurreratu dutenez, lanek iraun bitartean errepidea zabalik egongo da, baina zirkulazioa txandaka bideratuko dute: eskuineko bidearen azpian –Elgetarako noranzkoan– hasiko dira lanean eta hori bukatu eta gero ezkerrekoan.
Lanok hiru hilabete eta erdi inguru irautea aurreikusten bada ere, urtea amaitu aurretik bukatuta egon beharko dutela aurreratu dute udal iturriek, Jaurlaritzak lan horietarako emandako dirulaguntza galdu egingo dute-eta bestela.