Bergarako Udaleko enpresa komiteak "ezintasuna eta samina" adierazi du Benito Davilaren heriotzarengatik

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 2a

Elorregi eta Bergara artean atzo auto istripuan hil zen Benito Davila Bergarako Udal langilearen heriotzarengatik "ezintasuna eta samina" adierazi du Bergarako Udaleko enpresa komiteak. Benito Davila, Bergarako ehorzle laguntzailea zen. Eta, harekin autoan zihoanak ere, Agapito Muñozek, enterradore lanetan ziharduen, herriko enterradore nagusia oporretan zegoelako. Aldi baterako kontratatuta zegoen. Zauri arinekin Eskualde ospitalera eroan zuten Arrasatera.

Bergarako Udaleko enpresa komiteak gogoratu du Benito Davila Muñozek eta Agapito Blazquez Sanchezek lanean zihardutela, Elorregiko kanposantuan belarra mozten ibiliak zirela, bueltan, auto istripu larria izan eta Benitok bizia galdu zuenean.

"Izugarria da honelako egoera batek sortzen duen ezintasuna eta samina. Tristea da benetan lanera etortzea bizimodua aurrera atera ahal izateko eta bertan heriotza ordainean jasotzea", dio Bergarako Udaleko enpresa komiteak argitara emandako oharrak.

"Egoera tamalgarri honen inguruan hausnartzeko eta enpresa komiteak duen planteamendua azaltzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko" gaur goizean, 11etan batzarra deitu dute udaletxeko Pleno Aretoan. Ondoren, elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean.

"Gero deituko dizut"

Benito Davila eta baita herriko enterradore nagusia, Luisi Dominguez, oporretan dena, GOIENAren kolaboratzaileak dira. Astero ematen digute hildakoen berri; gero, paperekoan argitaratzeko. Atzo ere horixe zen asmoa. GOIENAren langile batekin berbetan izan zen Benito Davila, atzo, goizeko 11:00ak aldean, istripua gertatu baino ordu erdi lehenago. "Belarra mozten nabil, Elorregin, eta Bergarara heltzen naizenean deituko dizut" esan zion Davilak Goienako langileari. Ezin izan zuen deirik egin. Bidean galdu zuen bizia, istripu larrian.

GOIENAk samina adierazi nahi du ohiko kolaboratzailearen heriotza dela-eta.

Benito Davilak 56 urte zituen. Istripua gertatu eta berehala hil zen, Pesako autobus baten kontra aurrez aurre jo ostean. Davila bera zihoan autoa gidatzen. Ondoan zihoanak, Agapito Sanchezek, zorte hobea izan zuen eta onik dago Arrasaten, erietxean. Osasun zerbitzuak istripua gertatu zen tokira ailegatu zirenerako eta suhiltzaileek autotik atera zutenerako hilda zen Benito Davila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak