Algodonerako bidegorri tartea irailaren 10ean irekiko dute

Ander Monedero 2011ko abuztuaren 31

Apurka-apurka aurrera doaz Bergarako bidegorri sareko lanak. Hilabete honetatik zabalik dago Lazpiur lantegiaren eta Gorostola baserriaren arteko zatia eta Udalak espero du Algodonerako tartea irailaren 10erako zabaltzea.

Abuztu bukaerarako erabilgarri izatea zen hasierako asmoa, baina euriek sortutako eragozpenengatik eta opor egunen ondorioz, astebetez atzeratuko da irekiera.

Abuztu hasieran hasi zituzten Algodonera eta Mayc arteko bidegorri zatiaren lanak eta Udalaren aurreikuspenak betetzen badira, irailaren 10ean zabalduko dute oinezko zein ziklistentzako bide berria.


Bidegorri zati hori 216 metro luze da eta bi metro inguru ditu zabaleran; orain arte egon den ubidea, sakonera handikoa eta arriskutsu samarra, estali egin dute bidegorriaren zabalera handitzeko. Lanak egiteko zuhaitzak eta argiztapena lekuz mugitu dituzte eta hurrengo astean asfaltatuko dute. Porlana bota dute, baina oraindik bidea itxita dago. Oinezkoendako eta bizikletan joateko tokia izango da; honenbestez, bidea zabaldu egingo dute.


Lanok Antia S.L. eta Excavaciones y obras de Diego S.L. aldi baterako enpresak egiten dihardu eta 160.000 euroko aurrekontua dute. Aurrekontu horren barruan, Lazpiur S.A. enpresa eta Gorostola baserriaren arteko bidegorria ere sartzen da. Uztailaren 19an hasi zituzten lan horiek eta abuztuaren erdialdean zabaldu zuten bidea. Zati honek, besteak bezala, trenbide zaharraren bidea hartu du.


 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak