LABeko ordezkari Anton Barrutiaren esanetan, langileak ustekabean harrapatu ditu oraingo egoerak: "Enpresa ondo zihoan; esan ziguten lana ez zela murriztu, handitu ere egin zela. Krisiak eragin izan balio, langileok ulertu izango genituzkeen neurri horiek; baina egoera honetan, ez ditugu ulertzen. Gainera, egin duten modua oso txarto iruditzen zaigu: uztailaren 19an esan ziguten 20an ez genuela aparteko paga jasoko". Momentu honetan, aparteko pagaren %60 kobratu dute, eta geratzen den %40a eskatzen dute.
Nominak hilaren 5ean kobratu izan dituzte, eta orain 10ean edo 12an kobratzen dabiltza. Enpresa-batzordeak esaten du atzerapen hori langile askorendako arazo bihurtzen dela, eurek dituzten diru-betebeharrengatik.
Azkenik, Barrutiak hauxe dio: "Abisatu barik, betidanik izan dugun autobusa kendu egin digute, eta lanera joan-etorria norberak ordaindu behar du orain".
LAB eta ELAko ordezkarien esanetan, Torunsako zuzendaritzak proposamen bat egin zien, aparteko paga zatika kobratzea, %20ko zatiekin, eta langileek ez zuten onartu. Orduz geroztik, ordezkariek esaten dutenez, enpresa ez da berriz eurekin harremanetan jarri.
Goiena ahalegindu da Torunsako zuzendaritzarekin kontaktuan jartzen, baina momentuz ez du lortu.