Miguel Altuna Institututik Zurradero kaleko irteerara doan tartean egin dituzte lanak, zehazki; biribilgune funtzioa eman diote tarte horri. Joan den eguenetik –abuztuak 25– frontoitik datozen autoek eskumara egin behar dute ezinbestean eta handik Matxiategi edo Zurraderora jo.
Zurradero kaleko irteeran, Multiopticas Larrañaga parean, ezkerrera edo eskuinera egin dezakete; puntu horretan, lehentasuna dute Ibargaraiko rektatik datozenekiko. Eta Miguel Altuna pareko semaforoak kendu egingo dituzte –jada ez daude funtzionamenduan–.
Auto ilarak saihestea helburu
Inguru horretako zirkulazioa arintzea da helburua, izan ere, auto pilaketa handiak sortzen ziren ordu jakin batzutan, eguerdi partean eta arratsaldeko seiak-zazpiak aldera, batez ere.
Antolamendu berri honi buruz herritarrei galdetuta, gehienek diote denborak esango duela egokia den edo ez, baina hoberako izan daitekeela. Edozein kasutan, bada alde txarrak ikusten dizkionik ere.
Bestelako aldaketak ere eragin ditu proiektuak: Ibargaraiko tartean baterian aparkatu behar da orain eta Miguel Altunako zubi azpian autoa uzterik ez dago, bidea eta alde bietako espaloiak zabaldu egin dituztelako.
Gune horretan zorua aldatzeko lanetan dihardute oraindik ere, eta aparkaleku eta zebrabide batzuk pintatzeke daude; bizpahiru egunetan egongo da dena gertu. Eta bada oinezkoek aintzat hartu beharreko beste aldaketa bat ere: institutu pareko zebrabideetako bat kendu izana.
Sasoi Eraikuntzak enpresak egin ditu lanok, 86.000 euroko aurrekontuarekin.