San Juan auzoko Paotxa ostatuko baserria erre da sutean gaur goizaldean

Jon Berezibar 2011ko abuztuaren 18a

Jabea "konbentzituta" dago nahita egindakoa izan dela "argia etenda" baitzegoen. Goizeko lauretan izan da sutea eta bertan izan dira suhiltzaileak eguerdira arte. Ostatua bera, alboko etxea eta ermitaren teilatuaren zati bat erre dira. Kalte pertsonalik ez da gertatu. Bergarako San Juan auzoan aurkitzen da ostatua bera. Jabeak Goienari azaldu dionez, orain hilabete eman zuen errentan ostatua eta handik ibili ei dira maizter berriak azken egunotan. "Nahita" egin dutela azpimarratzen du, nahiz eta "ikerketa amaitu arte" ez den jakitera emango, eta ez dela "geldituko harik eta egileak harrapatu arte".

Sutearen ondorioz guztiz erre da Bergarako San Juan auzoan dagoen Paotxa ostatuko etxe guztia. Ostatua bera, alboko etxea, jabeena ere zena eta bertan dagoen ermitaren teilatuaren zati bat ere erre da.

GOIENAri egindako adierazpenetan jabeak esan du bera “konbentzitzuta” dagoela nahita erre dutela eta ez dela geldituko egileekin jo arte. Ertzaintzak ikerketa zabalduko du eta jabeak konfiantza betea dauka horretan.



Goizeko lauretan hasi da sua Herrizaingo Sailak berak konfirmatu bezala eta suhiltzaileak eguerdi aldera arte izan dira bertan. Sutea pizteko motiboei buruz oraindik ez dute ezer zabaldu baina jabeak azaldutakoaren arabera argia etenda zegoen eta berak zalantzarik ez dauka nahita eragindako sua izan dela.

Paotxa ostatua dagoen eraikina 200 urtetik gorako baserria da eta orain gutxira arte bizi zen bertan, hain zuzen, jabearen ama. Jabeak berak azaldu duenez, orain hilabete eman zuen errentan ostatua eta ez du kasualitatetzat jotzen sutea. Antza, alokatu zien pertsona horiek giltzak zeuzkaten eta haiek zein ingurukoak ostatutik ibili dira azken egunetan.

Zarautzen bizi da jabea eta goizaldean jaso du Ertzainen abisua. Suhiltzaileak SOS Deiaken bidez joan dira bertara lauetan baina jabea berak kontatu digu bizilagun batek esan diola goizeko 2etan guztia lasaitasun osoan zegoela.

Saminduta eta haserre , jabeak berretsi digu "ez dela geratuko" egileak nor den jakin arte eta konfiantza osoa daukala Ertzaintzak abiatuko duen ikerketan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak