Abenduan ekin zioten entseguei Larrainen eta egun berezia izango da domeka han. Izan ere, 20 urte dira dagoeneko Larrainek azken pastorala, Xalbador, eman zuenetik. Esan bezala, 97 lagunek hartuko dute parte pastoralean. Ximun Accoceberryk egingo du Telesforo Monzon gaztearen rola eta Dominique Urruti izango da Monzon, haren azken urteetan. Telesforo Monzonen heriotzaren 30. urteurrena betetzen da aurten.
Bi emanaldi Larrainen
Abuztuko bi emanaldietarako (domekakoa eta abuztuaren 13koa) ilusioz beteta dauden Iparralde aldean: ekitaldiak goizetik hasiko dira. Eguerdi aldera meza izango da eta ondoren pastoral gunera hurbilduko dira ikusleak. Bazkariaren ostean eskainiko dute pastorala, 15:30ean eta ondoren afaria eta dantzaldia izango dira Larrainen. Herri txikia da Ori mendiaren (2.017 m.) magalean dagoen Larrain: 217 biztanle baino ez dauzka.
Estreinaldirako 4.000 lagun inguru batzea espero dute antolatzaileek. Sarrerak 13 eurotan eskuratu ahal izango dira eta 14 urtetik beherakoendako sarrera doanekoa izango da.
Zelan joan
Larrainera joateko, Baionara autobidetik joatea da onena eta Miarritzeko bigarren ordainlekua Hasparreneko irteera hartu beharra dago. Ordu erdi inguruko ibilbidearen ostean, autobidean bertan, Salies de Béarn-en atera, Maulera jo eta handik Atharratze/Tardets-era. Azkenik, Sta. Grazi/Sainte Engraceko desbideratzea hartu eta gero Larrainera. Debagoienetik hiru ordu inguruko bidaia dago autoan joanez gero.
Hauxe duzue Larraineko telefono zenbakia: (0033) 559 28 62 80. Eta helbide elektronikoa, beste hau: comlarrau@cdg-64.fr.