Azken eta hirugarren etapan Aristik erakustaldia egin zuen;A ndalucia Cajagranada taldeko Daniel Jimenez eta Francisco Jose Medinarekin egin zuen aurrera bergararrak. Etapako azken mendatea jaisten jo zuen erasoa hirukoteak, helmugarako 30 kilometrogeratzen zirela. Segituan jarri ziren ados: andaluziarrentzat etapa garaipena eta Sumofic-Lokatzakoarendako sailkapen nagusia. Italian jokatu berri den Europako txapelketan taldekide izan ziren Medina eta Aristi.
Liderrarekiko aldea berehala handitu zuten eta helmugan minutu terditik gorako abantaila lortu zuten eta esan bezala liderraren maillota jantzi zuen Aristik Nafarroan. Hiru etapen ondorioz, Aristi izan zen onena eta haren atzetik Marc Cayuela (Huesca-La Magia), minutu eta lau segundora, eta Miguel Angel Aguilera (Fermasa-Armilla), minutu bat eta 21 segundora, sailkatu ziren.
Bederatzigarren garaipena
Dagoeneko bederatzi garaipen lortu ditu Aristik eta itzuliei dagokionez, hirutan hartu du parte eta Gipuzkoako Itzulian zein Iruñerrikoan garaipena eskuratu du. Bizkaiko Itzulian, berriz, zazpigarren postuan sailkatu zen Lokatza-Sumofic taldeko txirrindularia.
Nafarroan, Espainiako talderik onenen kontra lehiatu da, Espainiako ranking-ean lehendabiziko postuetan dauden talde guztiek hartu dutelako parte Iruñerriko Itzulian. Sailkapen orokorra irabazteaz gain, erregulartasunaren saria eta sprint bereziena ere irabazi ditu Aristik. Iruñerriko Itzuliaren 25. ekitaldia zen aurtengoa eta hiru etapa jokatu dira: Villatuerta-Villatuerta; Tafalla-Tafalla eta Mutilva-Iruñea. Egubakoitzean jokatu zen azkenekoa.