Erreileno eta tostoien kofradia desegin egin dute

Irati Goitia 2011ko uztailaren 29a

Bergarako Erreileno eta tostoien kofradia desegin egin dute.  Kofradiako kideek erabaki hori hartu dute, kofradian gero eta lagun gutxiago zirela kontuan hartuta.

Bergarako erreileno eta tostoiak goraipatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin sortu zen Erreileno eta tostoien kofradia desegin egin dute kideek. Arrazoia jende falta izan da.

Izan ere, orain dela 12 urte, kofradia sortu zutenean, 25 lagun ziren eta orain 14 geratzen ziren. Horietako batzuek ezin izaten zuten kofradiako konpromisoetara joan lan arrazoiengatik, eta, gutxi gelditzen zirela ikusita, kofradia desegitea erabaki dute.

Iñigo Juaristi kofradiako kideak azaldu digu: “Kapitulua egiten genuenean animatu egiten ginen, baina gero urtean zehar, batera eta bestera joan beharrak nekatu egiten gintuen.” Kofradiak urtero kapitulu bat egiten zuen herrian eta beste kofradia batzuk gonbidatzen zituzten Bergarara. Bisita hori eskertzeko, etortzen ziren kofradien kapituluetara joatea gustatzen zitzaien bergarakoei. Hasieran, gehiago izanda, urtean birritan tokatzen zitzaien konpromisoa zen, baina azkenaldian hiru edo lau bider joan behar izaten zuten. Juaristik adierazi du amaieran obligazio bilakatu zela, eta kofradia ez zutela horretarako sortu.

Horregatik erabaki zuten, aurtengo kapitulua egin aurretik kofradiak desegitea; kapitulua irailaren 18an zen egitekoa.

Ateak irekita utzi dituzte

Etorkizunera begira baina, ateak irekita utzi nahi izan dituzte kofradiako kideek. Iñigo Juaristik esan digu: “Guk gure estatutuak, jantziak, makila eta estandartea udaletxean utziko ditugu. Gure testigantza ere utziko dugu, zer eta nola egin dugun azalduz. Horrela, hemendik urte batzuetara, beste norbaitek honi heldu nahi badio, hor izango du dena prest.”

Azkenik, urte hauetan guztietan kolaborazioa eskaini dieten guztiak eskertu nahi izan dituzte kofradiako kideek: propaganda arloan lagundu dietenak, gozogileak eta Udala, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak