Bost etapa jarraitu dituzte bergararrek, aurreko martitzenetik zapatura bitartean jokatutakoak hain zuzen. Aurtengo Tourreko etaparik ikusgarrienetakoak izan dira, nahiz eta Alpeetan ez dute euskaldun baten garaipenik ospatzerik izan. Bergarako zaleek Ormaiztegi anaien aldeko pankarta eraman zuten Frantziara eta domekarako itzuli zieten peñako lagunei, Ordiziako klasikan erabili behar zutelako haiek, astelehenean. Gorkaren anaiak hartu zuten parte Ordiziako lasterketan.
Tropeleko txirrindulari asko eta asko ezagutzen dituzte dagoeneko eta harreman berezia daukate Markel Irizar oñatiarrarekin. Radioshack taldeko txirrindularia animatu zuten bereziki zapatuan, Grenobleko erlojuz kontrako etapan. Tony Martinek eskuratu zuen garaipena Grenoblen eta 43. tokian sailkatu zen txirrindulari oñatiarra zapatuko etapan. Oñatiarraren lehenbiziko Tourra izan da aurtengoa. Zoriotxarrez, ez da izan amestutako bezala, haren hitzetan.
Esan bezala, 1980ko hamarkadaren erdialdean, Marinoren sasoian hasi ziren Tourrera joaten zale bergararrak. Tropeleko beteranoak ditugu honez gero. Marino, Indurain, Bugno, Rominger, Armstrong eta beste asko erretiratu dira dagoeneko baina bergararrek Tourrari eusten diote urtero. Gainera, besteak beste, Claudio Chiapucci italiarra agurtzeko aukera izan zuten aurten, Sestrieresen. Domekan itzuli ziren etxera, 2.300 kilometro inguru egin ondoren. Beheko argazkian ikus daitekeenez, txirrindulariek bakarrik ez, zaleek ere anoa-postua behar izaten dute etapan zehar, indarrak errekuperatzeko. Hurrengo urtean ere, Tourrean izango ditugu. Allez, allez!!!