Honako hau zen Unai Kareagak Tourrerako osatutako ekipoa: Contador, Gilbert, Wiggins, Petacchi, Andy Schleck, Greipel, Hagen eta Hushovd norvegiarrak (bina etapa), Mark Cavendish, Cancellara, Voeckler, Chavanel, Samuel Sanchez, Tyler Farrar eta Cadel Evans australiarra, aurtengo irabazlea Frantziako Itzulian. Guztira, 1.509 puntu eskuratu zituen Unai Kareagak ametsetako talde horri esker eta, esan bezala, 4.470 euro jaso zituen atzoko sari banaketan.
Bigarren saria (2.235 euro) Jesus Gardokik eraman zuen: 1.493 puntu lortu zituen Gardokik. Hirugarren tokian, azkenik, Eneko Lizarralde sailkatu zen, Gardoki baino 10 puntu gutxiagorekin. Lizarraldek 1.341 euroko saria jaso zuen.
Beste sari batzuk
Beste sari batzuk ere banatu zituzten atzo Lokatzakoek. Zabala jatetxearen sorreraren 82. urteurrena dela eta, 82. sailkatuak, Jesus Mari Larrañagak, saria jaso zuen Labegeraietako jatetxeko arduradunen eskutik eta horrez gain, Tourreko lehen euskalduna ere saritu izan zuten nolabait.
Haimar Zubeldia izan da euskaldunen artean onena aurtengo Tourrean eta usurbildarraren aldeko apustua egin zutenen artean zozketa egin eta Mireia Larrañagak eraman zuen saria. Mailot horia jantzi zuen Mireiak atzo, batutakoen txaloen artean. Larrañagak eskerrak eman zizkien antolatzaileei, "horrelako ekitaldiak antolatzean herriko giroa piztearren".
Azkenik, saririk jaso ez duten porristen artean zozketa egin zuten antolatzaileek; Domingo Irala kalean batutakoek beraien apostu papera sartu zuten kutxatxoan eta zozketan Lander Arregi izan zen saritua.
Sari banaketaren ostean luntxa eskaini zuten Lokatzako lagunek. Herritar ugari batu ziren, eta han azaldu ziren baita Mizpirualde egoitzan, udan, boluntario lanetan ari diren gazteak.