Ines Iturricastillo: "Zorrotz entrenatu naiz, egia da hori, baina ezinbestekoa da ondo prestatuta joatea"

Xabier Urtzelai 2011ko abuztuaren 16a

Fisikoki nekatuta, baina aurreikusi baino askoz ere hobeto amaitu zuen Ines Iturricastillok (Bergara, 1965) joan den astean egin zuten Ehun Miliak proba. Izan ere, mendian oinez egin zituen 167 kilometrotan ez zitzaion burutik pasa proba bertan behera uztea, ondo entrenatuta joan zen seinale.

Noiztik mendirako zaletasun hori?
Betidanik izan dut zaletasun hori, senarra eta biok asko ibili gara Pirinioetan, Alpeetan... Baina, duela zortzi urte inguru hasi ginen mendi martxetan esku hartzen, eta gustua hartu genion. Uste dut lehenengoa Ezcarayn antolatzen dutena izan zela, giro oso polita sortzen da herrian, eta mendi zeharkaldi ederra da, horrelako bat probatu nahi duenarendako oso egokia. Eta, gaur egun federazio barruan dauden mendi zeharkaldien egutegira begira ibiltzen gara, nora joan erabakitzeko.

Eta distantzia luzeko probetan parte hartzeko nahia, noiztik?
Bada, kuriosoa da, zortzi urte mendi irteeretara joaten ibili eta gero iaz arte ez zitzaidalako bururatu Hiru Haundiak proba egitea. Lagun batekin egin nuen proba, gustura amaitu nuen, eta aurtengo urterako erronka hau ezarri nion nire buruari, Ehun Miliak egitea.
Proba hori prestatzeko, baina, ez naiz mugatu mendian ibili edo korrika egitera. Prestakuntza handiagoa eskatzen du. Batetik, Athlonekoengana joan nintzen kirol azterketa medikua egitera, proba hori egiteko derrigorrezkoa baita kirol mediku baten onarpena. Eta, proba egin ostean Alberto Garai medikuak esan zidan burutik eginda nengoela [Barre] baina fisikoki ondo. Proba prestatzeko bizikletan ibiltzeko gomendioa egin zidan, iztar aldea indartzeko, eta bizikleta estatikoan ordu mordoa egin ditut. Eta bestalde, Agorrosingo gimnasioan ere ibili naiz, beste ariketa gehiago egiten. Alde horretatik ni oso zorrotza naiz, eta jakin banekien probarako ondo prestatuta nengoela.

Eta gorputza distantzia luzeetan ibiltzera ohitu behar da.
Ezinbestekoa da hori. Entrenamendu moduan egin nuen martxa luzeena 18 ordukoa izan zen, Bilbotik Friasera (Burgos) egiten duten zeharkaldia. Baina, asteburu askotan ibili gara zapatuan, esaterako, 40 kilometro egiten, eta domekan beste 50 kilometro. Hankak distantzia luzeak egitera ohitu behar dituzu, baita gorputza gauez ibiltzera ere. Bestalde, imajinatzen dut psikologikoki ere prestatuta egon behar duzula, eta alde horretatik beti esan izan didate burugogorra naizela [Barre].

Zer moduz joan zen proba?
Ondo, egia esateko. Horrelako distantzia luzeko proba batean pausoz pauso joan behar duzu, helburu motzak ezarrita. Beasainen irten, eta zera esaten nion nire buruari, Gorlaraino iritsi behar naiz. Eta Gorlara iritsitakoan, orain Azkaratera. Hasiz gero pentsaztzen 130 kilometro geratzen zaizkizula, bada, akabo.

Zein izan zen momentu gogorrena?
Benetan, ez dut oroitzapen txarrik. Zerbait esatearren, Lizarrustitik Etxegaratera bitartean euria hasi zen, eta nirekin zihoan lagun bat asko sufritzen zebilen eta tarte hori oso motel egin genuen. Eta, esaterako, Txindoki igotzen larrigura izan nuen tripetan, txokolate apur bat jan nuen arte. Akaso, horiek izan dira momentu txarrenak.

Eta momentu on bat?
Berandu genbiltzan, denbora asko galduta, eta antolatzaileek esaten ziguten justu-justu iritsiko ginela hurrengo kontrolera. Azkenak ginen, eta gure atzetik erratza zetorren; horrek oso urduri jarri ninduen, baina Oazurtzako kontrolera iritsi ginenean sekulako poza hartu nuen. Gero, Aizkorrin oso giro txarra izan genuen, baina ordurako konbentzituta geunden helmugara iritsiko ginela.

Lagunak izan dituzue bidean, horrek asko erraztuko du lana.
Izugarri eskertzen da. Senarrak tarte batzuk egin zituen gurekin, eta helmugara iritsitakoan lagunak zeuden zain, irrintzia bota zuen batek... Emozionatu egin nintzen orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak