Antxintxika lasterketa, baita patinatzaileendako ere

Xabier Urtzelai 2011ko uztailaren 24a

Azaroko lehen zapatuan egingo dute Antxintxika Triatloi Taldeko lagunek Olatz Rementeria memorialaren VII. edizioa, Antxintxika lasterketa –Soraluzetik Bergarara 10 kilometroko proba– baina antolatzaileak lanean jarri dira dagoeneko, aurtengo edizioari ere hainbat berritasun gehitzeko.

Iaz gurpildun aulkiko atletak izan ziren lasterketan –ibilbidea moldatu zuten horretarako– eta aurten patinatzaileak hartuko dituzte, besteak beste, Bergaran bertan Hanka Labanka patinatzaile talde sendoa dagoela aprobetxatuta. Hala, Ibarreko lasterketa Behobia-Donostia probak dituen osagaiak bere egiten dabil, poliki-poliki.

Ibilbidean aldaketak
Urte hauetan guztietan ez dute Antxintxika lasterketan ibilbidea finkatu, ia urtero aldaketa txikiak egin behar izan dituzte-eta, proba ahalik eta ondoen antolatu ahal izateko.
Batetik, ibilbidea orain artekoa baino lauago jartzen ahaleginduko dira –batez ere gurpildun ahulkian dabiltzanek oztopo gutxi izan dezaten– eta horrekin batera, helmuga Ibargarai kalean egon beharrean San Martin plazan jarriko dute, lehenengoz.

Nagusien lasterketekin batera aurten ere gazteendako probak egingo dituzte. Baina, horiek ere Ibargarai kalean egin beharrean Bergarako alde zaharrean egingo dituzte.

800 korrikalari espero dituzte

Orain arte antolatutako sei edizio hauetan hazten joan den lasterketa izan da Antxintxikakoa. Behobia-Donostia lasterketak errepidera ateratzen ditu korrikalari guztiak, eta uholde horretaz bikain aprobetxatzen da ibarreko lasterketa, geroago eta harrera hobea izateko. Hala, antolatzaileek aurten 800 korrikalari espero dituzte Soraluzeko irteera puntuan –iaz 600 izan ziren– eta zenbateko horren barruan gehienez 700 korrikalari hartuko dituzte, eta 100 patinatzaile. Hala, lasterkarien denborak ondo hartzeko, eta ibarreko proba Kirol Probak zirkuiturako baliagarria izango denez txipa erabiliko dute lehenengoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak