Pedro Rico: "Gaztetxo nintzela hasi nintzen okin eta hasieratik gustatu zitzaidan lana"

Edu Mendibil 2011ko abuztuaren 22a

Valladolideko Villavellid herrikoa jaiotzez, mutikotan etorri zen Pedro Rico Bergarara. Hamar anai-arreba dira (bera zazpigarrena) eta Pedro da Bergaran jarraitzen duen bakarra. 14 urterekin hasi zen okin lanetan. Hor jarraitzen du, furgonetarekin alde batetik bestera. Uztailaren 22an 56 urte egin zituen Bergara KEko presidenteak. Bi seme-alaba ditu.

Nola hasi zinen okin?
Uda baten izan zen. Uztaila eta abuztua eman nuen San Pedro kalean zegoen Goenetxe okindegian eta gustatu egin zitzaidan... Ez nuen eskolara bueltatzerik nahi. Beste lanik ez dut egin; Mayc lantegian hasteko eskaini zidaten aspaldi, baina ez nintzen joan azkenean... Orain dela 20 urte, berriz, Ogizun sortu genuen bost lagunen artean eta hortxe nabil.

Lanbideko gauzarik txarrena?
Ordutegia, duda barik. Gauerdian hasten naiz, 12 t´erdietan, eta eguerdian, ordu batak aldera bukatu...

Ogizalea izango zara...
Bai, elikagai naturalenetakoa da eta asko gustatzen zait. Zerekin gehien? Egunaren arabera, baina ogia saltsatan bustitzea ikaragarria da, kokotxen saltsarekin esate baterako.

Sukaldean trebea zarela esan digute.
Gustatzen zait sukaldari jardutea. Denetik egiten dut baina okela gisatua eta orokorrean arraina gertatzen ditut ondoen. Jeneralean Gure Ametsa elkartean batzen gara egubakoitzero, bospasei lagun. Garai baten hogei lagun inguru elkartzen ginen. Hogei urtetik gora daramagu astero biltzen. Gorlako bazkidea ere banaiz.

Bergara KEko presidente jarraituko duzu.
Bai, beste lau urte egiteko konpromisoa hartu dut.

Nola ikusten duzu herriko kirola?
Ondo. Zaletasun handia dago kirola egiteko: futbolean, saskibaloian, eskubaloian, pilotan... Kirol ezberdinetarako zaleak egotea aberatsa da, zalantzarik gabe.

Ikusteko, futbola gustatzen zaizu gehien?
Ez pentsa. Telebistan, igeriketa probekin edota eskubaloiarekin asko gozatzen dut. Baita txirrindularitzarekin ere: Tourreko etapa menditsuak ikusgarriak izaten dira.

Futbolean makina bat sufrituko zenuen aurten Valladolid taldearekin...
Bai, lehen mailara igotzeko moduko taldea zeukaten baina Abel Resino entrenatzaileak ez du asmatu. Play-offa jokatu barik igo behar zuten Pucelakoak eta azkenean bigarren mailan jarraitu behar... Disgustu ona hartu nuen Elcheren kontrako kanporaketa galtzean!
Gainera, irteera erakargarria da Valladolideko hemengo zaleendako. Realeko eta Athleticeko jarraitzaileak hara joateko irrikan egoten dira. Ea hurrengo urtean... Djukic izango da taldeko entrenatzailea datorren denboraldian eta lan interesgarria egin dezakeela uste dut.

Zein da zure lehenbiziko taldea?
Lehenbizikoa, Bergara. Ondoren, Valladolid, eta gero Reala, Athletica eta Real Madrila. Txikitan Real Madrileko zalea nintzen, baina gaur egun ez ditut batere gustuko talde handiak. Lehen mailan, Reala da nire taldea..., baldin eta Valladolid ez baldin badago noski.

Abuztuan, zer?
Lan egingo dut. Oraintxe egon berri naiz kanpoan. Hamar egun egin ditugu Avilan, Gredosko mendilerroan. 30 urte neraman joateke Avila aldera eta sorpresa atsegina hartu dut. Leku benetan ikusgarriak daude han Gomendatzeko moduko tokia da; asko gozatu dut. Orain, lan egitea tokatzen da. Abuztuan eta irailean lana daukat; etorriko da aurrerago egun batzuk libre hartzeko ordua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak