Mila Elortza izango da, behin-behinean, Angiozarko alkatea

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uzt. 27a, 11:30

Aurpegi berriak behar zituzten Angiozarren alkate izateko. Domekan egin zituzten hauteskundeen ostean, aurpegi berri batzuk ere agertu ziren bozkatuenen artean… Azkenean, ordea, betikoa alkate. 12 urte egon da Mila Elortza karguan eta, besterik ezean, hark segituko du, bi urtez behinik behin. Bi urte eman ostean, Jose Angel Mikeok hartuko du kargua, hura izan da-eta alkatetzarako hautagairik bozkatuena.

Jose Anjel Mikeo alkate izana da lehen ere Angiozarren. Zortzi urtez. 1987tik 1995era. Ondoren, Gorka Elortza izan zen alkate beste lau urtez, 1999ra arte. Eta, 1999tik 2011ra arte, Mila Elortza, 12 urtez jarraian. Bada, beste bi urte eman beharko ditu karguan.

Atzo hartu zuten erabakia. Hauteskundeetan bozkatuenak izan zirenak elkartu ziren iluntzean Saloian.

Lehen hauteskundeak

Franco hil ostean ezarri zen hauteskunde sistema Angiozarren. Beste inon baino lehenago. Iñaki Martzana eta Moises Arriaran izan ziren lehen alkateak.

Mila Elortzak zera esan digu: "Jose Angel Mikeo master bat egiten dabil eta ezinezkoa du alkate izatea une honetan; hortaz, erabaki dugu neuk jarraitzea urte biz eta, gero, hark amaitzea agintaldia".

Hausnarketa premia

Hausnarketa beharraz ere mintzatu da Elortza. "Betikoak gabiltza atzera eta aurrera, erreleburik ez dago, mugitzen denari ematen dio jendeak bozka eta, jakina, hori hala, inor ez da mugitzen…".

Elortzak aitortu du beste hautagai bi ere bazituztela, baina lan eta arazo pertsonalak tarteko, ez direla kargua hartzera animatu.

Alkatea eta auzoetako batzarkideak

Alkatea eta auzoetako ordezkariak aukeratzen dituzte Angiozarko bailarakoek bozketa bidez. Batetik, 8 auzoetako batzarkideak; bestetik, alkatea. Bien baturatik bozkatuena izan dena aukeratzen dute alkate. Eta bien baturatik, Jose Angel Arriaranek lortu zituen boto gehien, Jose Angel Mikeoren eta Mila Elortzaren aurretik. Bozkatuenak, halere, ezinezko du kargua hartzea.

Alkate izateko bozketan, ostera, honako hau izan zen emaitza: Jose Angel Mikeo, Jose Angel Arriaran, Iñaki Arizmendiarrieta, Iñigo Larrañaga, Ainhoa Larrañaga eta Mila Elortza.

Lan edo ikasketa kontuak tarteko, ezina agertu zuten Arriaranek eta Mikeok; horregatik aukeratu dute Elortza.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak