Bi aro ezberdin ezagutu ditu karguan egon den sei urteetan, atzo Goiena telebistan esan zuen moduan. Lehenengo hiru urteak, hazkunde ekonomikokoak, "urte onak"; azkeneko hirurak, krisi gogorrean murgilduta.
Egungo egoeraren, bere agintaldiaren, egoera politikoaren, finantza krisiaren edota euskal eta bergarar enpresen gainean jardun zuen atzo Goienan Lazpiurrek.
Kanpoan saldu
Euskal enpresaburuen erronkarik nagusiak mundu guztian barrena saltzea dela esan zuen. Produktu onak ekoizteaz gain, "kanpoan saltzea".
Bestalde, krisiaren aurrean, euskal enpresaburuek hiru neurri hartu dituztela esan zuen. Batetik, "gerrikoa estutu eta gastuak murriztu"; bigarrenez, "saltzera atera kanpora". Azkenik, "geure enpresetako jendea, langileak, zaindu". Azken honi dagokionez, nabarmendu zuen, krisi koiunturan ere, Euskadin langabezia tasa %10ekoa dela, Espainiakoaren erdia.
5.000 lanpostu berri
Confebaskek, aurten, 5.000 lanpostu berri sortzea aurreikusi duela ere esan zuen eta ekonomia, aurten, 1,3 haziko dela gurean; datorren urtean, 2,6. Egoerarekin baikorra dela ere esan zuen, baina munduko agintariei eskatu zien finantza krisia gainditzeko neurri egokiak har ditzatela eta euskal agintariei, ostera, industria bultzatzeko neurriak har ditzatela.
Zerga politikari dagokionean, zehazki, Euskal Herriko industria "sustatzera bideratu" behar direla, "ez oztopatzera".
Bilduren garaipena eta Gipuzkoan eta Donostian gobernatzeak ez duela kezkatzen esan zuen, "joko politikoaren ondorioa" dela esan zuen, baina bai eskatu zien Bildukoei eta gutxiengoan gobernatuko duten gainerako gobernuei, "akordiotara heltzeko gaitasuna" izan dezatela.
"Lagun dezatela"
Pozik azaldu zen bakea eta normalizazio politikoa gertuago ikusten dituelako.
Azkenik, ELAkoei eskatu zien "lagun dezatela herri hau aurrera ateratzen, ez delako gure lana bakarrik, langileena ere badelako". Mundua aldatzen doala-eta, "ezezkoan ezin daiteke egon uneoro" esan zuen.
Migel Lazpiurrek 68 urte ditu eta bere enpresari (Lazpiur SA) eskainiko dio aurrerantzean denbora gehiago eta baita bere zaletasunei ere: pintatzeari, argazkilaritzari, ehizari...