'Monzon' pastoralaren estreinaldia abuztuaren 7an Larrainen

Edu Mendibil 2011ko uztailaren 19a

Dena gertu dago abuztuaren 7an eta 13an, Larrainen, Monzon pastorala aurkezteko. 97 lagunek hartuko dute parte eta festa handia prestatu dute Ori mendiaren magalean estreinaldirako. Bergaran, berriz, irailaren 17an, San Martin jaien barruan izango da pastorala ikusteko aukera.

Atzo, astelehena, egin zuten aurkezpena Baionan eta Donostian, eta handik Bergarara etorri ziren pastoraleko ordezkariak. Artatse elkartean egin zuten bazkaria, besteak beste, Jesus Elortza Bergarako alkatearekin, Piti Madariaga zinegotziarekin, Ramon Mendibil Olaso Dorrea Fundazioko presidenteordearekin, Maite Guridi zinegotzi ohiarekin eta Kristina Elkororekin.

Jean Bordaxar kantariak idatzi du pastorala, eta esan bezala, abuztuaren 7an estreinatuko dute Larrainen, Ori mendiaren magalean hain zuzen. 97 lagunek hartuko dute parte, tartean 17 dantzarik eta 14 musikarik.
Iparraldekoek abenduan ekin zioten entseguei eta egun handia izango da haiendako datorren abuztuaren 7a. Izan ere, 20 urte dira dagoeneko Larrainek azken pastorala, Xalbador, eman zuenetik. Ordutik baina ez dira geldi egon; iaz, esaterako, maskarada egin zuten Aratuztetan.

ean-Pierre Accoceberry Monzon pastoraleko presidentea dugu eta Bordaxarrek zerbait idatzi zuela jakitean, harengana jo zuen. Hain zuzen ere, Agirre pastoralean Monzonen rola zuen Bordaxarrek eta Monzonen bizitzaz interesatzen hastearekin ikusi zuen bizitza aberatsa zuela eta merezi zuela pastoral bat idaztea; omenaldi gisa pastorala egitea erabaki zuten, Aurten, gainera, Telesforo Monzonen heriotzaren 30. urteurrena betetzen da. Idazle, politikari eta buruzagi abertzaleari eskaini zitzaion azken omenaldian, aurreko martxoaren 12an, Udal Pilotalekuan, Larraineko ordezkariak ere izan ziren.

Egun handia Larrainen

Abuztuko bi emanaldietarako guztia prest dago: ekitaldiak goizetik hasiko dira. Eguerdi aldera meza izango da eta ondoren pastoral gunera hurbilduko dira ikusleak. Bazkariaren ostean eskainiko dute pastorala, 15:30ean eta ondoren afaria eta dantzaldia izango dira Larrainen. Herri txikia da, 217 biztanle baino ez dituena. Ilusioz beteta daude abuztuko bi emanaldietarako. Estreinaldirako 4.000 lagun inguru batzea espero dute antolatzaileek. Sarrerak 13 eurotan eskuratu ahal izango dira eta 14 urtetik beherakoendako sarrera doanekoa izango da. Hauxe duzue Larraineko telefono zenbakia: (0033) 559 28 62 80. Eta helbide elektronikoa, beste hau: comlarrau@cdg-64.fr.

Larraineko alkate Sebastian Uthurriage ere izan zen astelehenean Bergaran. Zera adierazi zigun: "guretako Monzon abertzale handia zen, gure nortasunaren eta duintasunaren defendatzailea, abertzaleondako eredu aparta. Borrokalari handia izan zen, eta Larrainen ere borroka gure egun orotako afera da, gure lurren defentsan tartean. Beti atxik makila eskuan eta anteligia bihotzean esaten dugu guk...". Abuztuko emanaldietan ehundik gora laguntzaile izango dituzte guztia ondo ateratzeko.

Irailaren 17an, Bergaran

San Martin jaien barruan, irailaren 17an, Monzon pastorala Bergaran egingo dute. Seminarioan antzeztuko dute eta astelehenean bertan ikuskizuneko alderdi teknikoak zehazten izan ziren Udaleko ordezkariekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak