Beste hiru enpresak Euskaltel, Vadillo Asesores eta Bellota Herramientas dira. Laurek esperientzia pilotua egin zuten ordutegiak malgutzeko. Orain helburua Euskadiko enpresa guztietara hedatzea da. Horrela, esperientzia pilotu horren emaitzak bihar aurkeztuko dira, enpresetako —batez ere
enpresa txiki eta ertainetako— kudeatzaile eta zuzendariei zuzendutako jardunaldi baten bitartez.
Plan berritzaile horren sorreraren atzean, lana eta familia bateragarri egiteko neurrien bitartez langileen bizitza hobetzeko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak duen estrategia dago. Eta hori lortzeko lehentasunezko helburuetako bat lan-ordutegia arrazionalizatzea da.
Estrategiak oinarrizko lau puntu jasotzen ditu:
1- Tresnak informazioa ematen du enpresaren abiapuntuari buruz, eta sail, arlo edo unitate bakoitzean dauden koordinazio beharrak argi eta garbi identifikatzen laguntzen du.
2- Enpresaren jomugan dagoen ordutegi-eredua zein den zehazten laguntzen du, honako arloak kontuan hartuta: zein talde edo jarduera lerrotan eragiten duen, eragingo dituen langileen ehunekoa, ordutegia, aplikazio-epea, nahitaezko orduen kopurua, etab.
3- Hurrengo urratsa proiektu-mota desberdinak ezartzeko beharra dagoen ala ez erabakitzea da. Adibidez, ondokoak zehaztu behar dira: guztiek batera lanean jardun beharreko gutxieneko lanaldia, ordutegi-tarte desberdinak estaltzeko sistema, ordutegi-aldaketarik onartzen ez duten zerbitzuak edo beharrizanak, arlo edo sail batzuen autonomia gradua...
4- Prozesua nork gidatuko duen, nola transmitituko den, zein komunikazio-bideren bitartez, ordutegi-eredu berri horren aplikaziotik kanpo nor geratuko den, enpresan ordutegi aldaketa nola jarriko den abian, eta aldaketa horrek izan dituen ondorioen jarraipena eta ebaluazioa nola egingo diren.
Metodologia hori Sailaren web-orrian eskegitzeaz gain, uda amaitutakoan programa guztia Euskadiko 12.000 enpresa ingurura bidaliko da posta arruntaren bidez.