Trenbidea itxi dute Mekolalden, bidegorria egokitzeko

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko uztailaren 19a

Bidegorria egokitzeko itxi dute, Lazpiur enpresa eta Gorostola baserriaren artean. Lanok bukatu eta gero, Mayc-Algodonerako tunela tarteari ekingo diote.

Gaur, martitzena, hasi eta 20 bat egunez itxita egongo da trenbide zaharra Mekolalde inguruan. Lazpiur lantegitik Gorostola baserrira arteko 600 metroko tartea da itxi dutena, bidegorria egokitzeko lanei ekiteko. Hain zuzen, zorua txukunduko dute asfalto gorria botata.

Lanek iraun bitartean, trenbide gaineko bidexkatik joan daitezke erabiltzaileak. Dagoeneko seilaeztatu dute.

Mayc-Algodonera tartean ere lanak

Antia SL eta Excavaciones y obras de Diego SLk aldi baterako sortu duten enpresak dihartu lanok egiten Udalaren eskariz. Eta Mekolaldeko tartea bukatu bezain pronto Mayc inguruan beste bidegorri tarte bat egokitzeari ekingo diote.

Hain justu ere, Mayceko biribilgunean hasi eta Algodonerako tunelera arteko tartea da txukunduko dutena; 216 metroko tartea. Oinezkoen zein txirrindulariendako tarte zabala geratuko da hor: gaur egungo espaloia mantenduta, ubidea estali eta horren gainean egokituko dute bidegorria.

Bi tarteotako lanen aurrekontua 159.600 eurokoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak