Sei urte eman dituzu euskal enpresaburuen presidente karguan. Zelan?
Izan ditut une onak eta beste batzuk ez horren onak. 2005a ezkero egon naiz karguan eta lehen hiru urteek ez dute zerikusirik azkenekoekin. 2005etik 2008ra arte ekonomia ondo zihoan, euskal enpresak ondo zihoazen, eta gure lana askoz errazagoa izan zen. Izan ziren une gogorrak ere, biolentziarengatik eta terrorismoarengatik, baina enpresak, oro har, ondo zihoazen. Azken hiru urteak, ostera, ekonomia koiuntura zailagoan igaro ditut, nahiz eta, beste alde batetik, ETAren su-etena albiste ona izan den. Baina Inaxio Uriaren hilketa ere hor dago, une benetan gogorra.
Enpresa asko ixten ikusi duzu…
Bai, egia da. Hala ere, Espainiako enpresak edo ekonomia baino askoz egoera hobean gaude gu. Langabezia tasa, esaterako, %10 da hemen eta, ostera, %20 Espainian. Gure enpresak, oro har, egoera onean zeuden krisiaren aurretik, baina, krisia luzatzen doan heinean, eusteko ahalmena ere txikitzen doa; hori benetan kezkagarria da.
Aurreikus zitekeen harrapatu gaituen mundu mailako finantza krisi izugarria?
Horren tamainakoa izan zitekeenik, inolaz ere ez. Egia da, hala ere, arduratuta geundela Espainian higiezinen sektoreak, etxegintzak-eta, zeukan pisuarekin, higiezinen boom-arekin. Europa osoko etxebizitza guztien %60 Espainian egiten ziharduten. Hori zen benetan kezkagarria.
Unerik gozoena edo onena?
Confebask erreferentzia da administrazioen aurrean: Gasteizen, Madrilen eta Bruselan. Lan handia egin dugu erakundeen aurrean eta horrek eman digu ospe ona, errespetatuak gara euskal enpresaburuak. Horretaz harro nago.
Zer ikasi duzue euskal enpresaburuek krisi honetatik?
Krisiak beti erakusten digu zerbait. Krisiaren aurrean, hiru gauza egin ditugu euskal enpresaburuek: batetik, gerrikoa estutu eta gastuak murriztu; bigarrenez, saltzera atera kanpora. Euskaldunok beti izan gara saltzaile txarrak eta gaur egun ere hala da. Azkenik, geure enpresetako jendea, langileak, zaindu. Ekonomia jarduerak beherakada izan du, bai hemen eta baita Espainian ere. %30eko jaitsiera izan du, gutxi gorabehera. Datu horren aurrean, gure kasuan, langabezia tasa da %10 eta Espainian %20. Horrek esan nahi du euskal enpresok hobeto zaindu ditugula langileak.
Confebasketik egin dituzuen aurreikuspenen arabera, aurten 5.000 lanpostu sortuko dira Euskadin…
Bai, egin ditugun azterketetatik ondorio hori atera dugu. Izan ere, gure ekonomia 1,3 haziko da; Espainiakoa, erdia. Ez da asko, baina hurrengo urtean ere goraka joango dela aurreikusi dugu. Egia da, hala ere, langabezia tasa ez dela askorik jaitsiko. Lanpostuak sortuko dira, baina gazte asko sartzen doa lan merkatura eta horrek ere badauka eragina. Guk uste dugu urte amaierarako %9 izango dela langabezia tasa gurean. Horretarako, hala ere, Europak ondo egin beharko du lan eta euroaren, merkatuen eta Grezia bezalako herrialdeen krisia konponbidean jarri beharko du.
Zein sektoretan sortuko dira lanpostuak?
Industrian, duda barik. Hemen ez ditugu etxe asko egin eta eraikuntzak ez du pisu handirik gure ekonomian. Hala ere, eraikuntzari begira jarritako enpresa asko dauzkagu: aldamioak, sarrailak, etxetresnak edota altzariak egiten. Eta sektore hori larri dago. Turismoak ere gora egingo du eta sektore inportantea izango da.
2012. urtea hobea izango dela ere esan duzue…
Uste dugu baietz. Euskal ekonomiaren hazkundea 2,6ra hurbilduko dela aurreikusten dugu.
Enpresen erabakitze organoetan eta jabetzan langileen parte hartzea sustatzea da joera. Zela ikusten duzu?
Ondo ikusten dut. Mundua aldatuz doa, eta, gure enpresek aurrera egin nahi badute, aldatu eta egokitu egin beharko dute egoera berrira. Ezin gaitezke uneoro egon beharginen eta ugazaben arteko ika-mika eta konfrontazioekin. Beharginek enpresetan gehiago integratu behar dute. Informazio gehiago izan behar dute eta konpromiso handiagoa hartu behar dute.
Zelan ikusten duzu hauteskundeetatik sortu den mapa?
Joko politikoaren ondorio da, gauza normala. Oraingoan hauxe izan da emaitza; hurrengoan bestelakoa izango da…
Eta Bilduk Gipuzkoako Diputazioa gobernatzea?
Ez daukat batere kezkarik. Herritarrek horixe aukeratu dute. Nik bakarrik eskatzen diet agintariei ondo goberna dezatela eta denekin batera egin dezatela. Eta lan egin dezatela Euskadiko industria lagundu eta bultzatzeko. Izan ere, Barne Produktu Gordinaren %30 industria da Euskadin; eta beste %20 industriara begirako zerbitzuena. Guztira, %50. Espainian, %14 da eta Europako batez bestekoaren gainetik gaude. Industria ezinbestekoa da gurean. Industria ondo badoa, Euskadi ondo doa. Ondo ez badoa, arazoak ditugu. Lehiakortasuna eta industria jarduera bultzatzen laguntzeko politikak egitea eskatuko nieke agintariei.
Lehendakaria zergak igotzearen alde agertu da...
Zergak ere Euskal Herriko industria sustatzera bideratu behar dira, ez oztopatzera.
Bakea eta normalizazio politikoa gertuago daudela dirudi. Lasaiago zaudete orain enpresaburuak?
Bai, zalantza barik, hori igartzen dugu, laguntzen digu.
Bakeak ze ekarriko die euskal enpresei?
Lasaitasun handiagoz lan egiteko aukera…
Zein da euskal enpresaburuen erronka nagusia?
Lehiakortasuna eta saltzen jakitea. Euskal enpresek kalitatezko produktuak ekoizten dituzte; jende serioa gara. Errespetatuak gara. Baina mundu osoan saltzera ailegatu behar dugu, txikiak eta gutxi izan arren. Lana eta aberastasuna alde guztietatik ekarri behar dugu eta, kasu batzuetan, kanpora joan eta han sortu lantegiak. Han egin lan, hemen ere aberastasuna sortzeko.
Zelan baloratzen duzu ELA euskal sindikatu nagusiak darabilen estrategia lan hitzarmen kolektiboen inguruan?
ELAri esaten diogu lagun dezatela herri hau aurrera ateratzen, ez delako gure lana bakarrik, langileena ere badelako. Mundua aldatzen doa eta ezezkoan ezin daiteke egon uneoro.
Espainia arazo da euskal ekonomiarendako?
Ez nuke hori esango. Une honetan Espainia txarto dago eta, esan dudan moduan, %30 saldu izan dugu bertan. Guretako merkatu guztiak dira onak, eta Espainia ere bai. Saldu edo erosten dugun toki guztiak dira onak. Gure bezero guztiei zor diegu errespetu handia.
Euskal enpresaburuen burua izateari utzi diozu; orain, zer?
Badut lana. Lehenengo-lehenengo, etxeko enpresan, Lazpiurren. Hiru urte txar pasa eta gero, beste bultzada bat eman behar diogu. Eta, gero, neure zaletasunak ere baditut. Deseatzen nago nire lagun Migel Okinarekin batera pintatzera joateko.
Bergarako Lazpiur zelan doa?
Estutasunak pasa ditugu, baina langileen konpromisoarekin eta neurriak hartuz, eutsi egin diogu. Aurten hobeto gabiltza.
Zelan daude Bergarako enpresak?
Arduratzen naute, bereziki, handi batzuek: Candy, Arcelor Mittal… Denon artean egin beharko genuke zerbait.
Bergarako Udalak herriaren etorkizunaz hausnartzeko plan estrategikoan parte hartu duzu...
Bai; orain udal agintariei dagokie tiratzea, baina gu prest gaude laguntzeko, zelan ez, bergararrak gara!