Biribilgune funtzionamendua izango du tarte horrek: frontoitik datozen autoek eskumara jo beharko dute Miguel Altunako semaforoen parera eta handik Matxiategira edo Zurradero kalera jo.
Zurraderoko irteeran, Multiopticas Larrañagaren parean, ezkerrera ala eskumara egin ahal izango dute gidariek eta hantxe biribilguneetan gertatzen den moduan, bidea utzi beharko diete Ibargaraiko zuzenetik datozenei.
Miguel Altunako semaforoak kenduko dituzte eta Matxiategitik datozenek derrigorrean Zurraderora egin beharko dute. Zirkulazioa arintzea da helburua.
Arbolak eta aparkalekuak
Bestelako aldaketak ere ekarriko ditu proiektuak: batetik, Seminarioko patioaren parean dauden arbolak kendu egingo dituzte; eta, bestetik, Ibargaraiko tarte horretan baterian aparkatu ahal izango da, Pazkoetan bezala. Tarte horretan 23 aparkaleku daude gaur eta banaketa berriarekin 30 aurreikusi dituzte.
OTAko makina Ibargaraiko bi etxebizitza blokeen artean jarriko dute. Era berean, abiadura murrizteko badenak jarriko dituzte, hiru Ibargarain (Larrañaga, Bilintx eta Alga komertzioen parean) eta bestea Zurraderon. Karga eta deskargarako guneak ere bereiziko dituzte.
Oraingoz, lanek ez dute zirkulazioan eraginik izango; Miguel Altunako zubi azpian, atzealdean eta ikastetxea eta Santander banketxe artean zorua aldatuko dute, oinezkoendako gunea ere izango baita, Gaspar ondoan bezala. Lan potoloenak abuzturako utziko dira, baina atzo, astelehena, hasi zituzten lanak.