Bolun Santa Ana jaiak ospatuko dituzte egubakoitzean hasi eta domekara bitartean. Hain justu ere, 20:00etan hasiko dira jaiak Santanatxoren jaitsierarekin eta 22:30ean dantzaldia egongo da Auzoko musika taldearekin. Zapatuan, pintura eta marrazki lehiaketa egongo da 10:00etan, eta lan irabazlearekin datorren urteko jaietako kartela egingo dute. 12:00etan kukainak eta umeendako jolasak egongo dira; 18:00etan umeendako musika, mozorro lehiaketa eta txokolatada eta buruhandiak egongo dira. 20:30ean, dantzaldia Orots taldearekin eta 21:30ean, afari herrikoia Azpeitxi jatetxean. 23:00etan jarraitu egingo du dantzaldiak Orots taldearekin. Domekan pilota partiduak egongo dira 11:00etan eta 12:00etan haurrendako puzgarriak eta ginkana; baita 16:30ean ere. 22:00etan bukatuko dira jaiak Santanatxoren igoerarekin.
Irazu eta Mendiluze Goimendin
Santiago jaiak ospatuko dituzte domekan eta astelehenean, Goimendin. Domekan 21:30ean hasiko dituzte jaiak plazan berakatz-zopak banatzen. 23:00etan erromeria hasiko da Astiazaran II.a eta Agurtzane trikitilariekin eta 02:00etan sorpresa egongo da. Astelehenean, berriz, meza egongo da 11:00etan; soka-dantza, 12:00etan, Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldearekin; eta 12:30ean, Irazu eta Mendiluze bertsolariek saioa egingo dute. Gero, Jon Ostolaza eta Unai Andonegi trikitilarien txanda izango da.Herri kirolen erakustaldia ere egongo da: 18:00etan Ruber Saralegi eta Aratz Mugertza aizkolariek eta Telleria harrijasotzaileak hartuko dute parte. 19:00etan saioa egingo dute berriz Irazu eta Mendiluze bertsolariek eta jaiei amaiera emateko, Jon Ostolaza eta Unai Andonegi trikitilariekin erromeria egongo da.
Basalgon ere jaiak
Domekan hasiko dira jaiak Basalgon, 18:30ean, ohiko makal jasotzearekin. Astelehenean meza nagusia egongo da 11:00etan, eta 12:00etan, 21. Basalgora txirrindulari igoera egongo da eta 12:30ean, luntxa. 13:00etan Amuriza eta Elortza bertsolariek saioa egingo dute eta gero, erromeria egongo da. 14:30ean bertso bazkaria egongo da Amuriza eta Elortzarekin eta txartelak dagoeneko salgai daude. Iraho tabernan eta Basalgokoak elkartean eskura daitezke uztailaren 23a baino lehen. Bazkaria eta gero erromeria egongo da. Martitzenean, hilak 26a, meza egongo da 13:30ean eta gero, luntxa eta jolasak umeendako. Jaiak 14:30ean auzoko jubilatuek eta jai batzordeko kideek egingo duten bazkariarekin bukatutako da. Izena emateko azken eguna uzatailaren 25a da, Basalgokoak elkartean.