Giro polita izan arren, proba benetan gogorra dela erakutsi du Ehunmiliakek

Mirari Altube Arrese 2011ko uztailaren 17a

Javi Dominguez gasteiztarra (24 ordu, 49 minutu) eta Nerea Martinez (28 ordu) iruindarra izan dira nagusi bigarren Ehunmiliaken. Debagoiendarrak ere izan dira, zazpi bat, Besainen hasi eta bukatutako ultrarail proba gogorrean.

Debagoienera egubakoitz gauean, 21:00ak aldera, iritsi ziren: Trekutzetik sartu eta Hirukurutzetatik irten. Iragarritakoa baino 10 bat minutu beranduago, 21:05 inguruan, sartu ziren lehenengo korrikalariak Elosuko gunera; azkenak, ostera, 20 bat minutu lehenago, gauerdia pasatxoan.

Bergarako Pol-Pol mendizale taldeko kideek eta hainbat zalek egin zieten harrera. Aurpegi onarekin zetozen eta txip-kontrola pasatu ondoren mokadutxoa hartzeko aukera izan zuten indarrak berreskuratzeko. Gorlako kantina inguruan, gainera, trikitilariak izan zituzten animatzeko. Bergarar batek, baina, orkatila bihurritu zuen inguru horretan, eta erretiratzea erabaki zuela jakinarazi zuten Pol Polekoek.

Iaz ez bezala, giro ona izan zuten korrikalariek, eta hasieratik buruan jarri zirenek erritmo bizia ezarri zuten. Proba gogorra da, baina, Ehunmiliak, eta iazko txapeldun Imanol Aleson, esaterako, erretiratu beharrean izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak