La Juvek irabazi du Ipintzako udako futbol liga

Goiatz Arana Begiristain 2011ko uztailaren 16a

Langostaren aurkako neurketa 1-1 emaitzarekin bukatuta, penaltietara jo zuten, ligako beste hainbat partidutan moduan. Bost penalti jaurtiketetatik bakarra huts egin zuen La Juvek eta bi Langostak. Beraz, txapeldun eta txapeldunorde geratu ziren, hurrenez hurren.

Indarrak parekatuta izan ziren bariku arratsaldean Agorrosingo futbol zelaian. Ipintzako udako futbol liga zegoen jokoan, eta finalera ailegatutako La Juve eta Langosta taldeen arteko lehia estua izan zen. Parekotasun hori erakutsi zuen neurketaren azken emaitzak ere: 1-1. German izan zen Langostako golegilea: kontra-erasoan sareratu zuen baloia. La Juveren markagailua 1ean jarri zuena Alberto Dovao izan zen; kontra-erasoan egin zuen gola honek ere, falta-jaurtiketa baten ondotik. Eta hala, 1-1 emaitzarekin, penaltietara jo zuten eta hor erabaki zen finala.

Sari banaketa ekitaldia

Finala erabakita, sari banaketari ekin zioten Agorrosingo zelaian. La Juve eta Langostaren atzetik, Badulake eta Santana sailkatu ziren hirugarren eta laugarren. Jokalari onenaren saria La Juveko Ibairentzat izan zen; atezain onenarena, Langostako Contirentzat; eta gol gehien sartu dituenarena Alberto Dovaok (La Juve) eraman zuen.

Kopako txapelketako sariak ere banatu zituzten egubakoitzean: Indar Gorrik irabazi du kopa eta Mongitxarrak izan da txapeldunordea. 7-1 egin zuten finalean.

Ligako talde irabazleko jokalarien hitzak eta antolatzaileari egindako elkarrizketa, asteleheneko Goiena paperean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak