Datorren astean hasiko dira Aranzadi ikastolak Errege Seminarioan duen egoitza erabat egokitzeko lanak. Ikastetxearen eskailera nagusietako batean –erdikoan– hasiko dituzte lanak eta Goitu enpresak egingo ditu, UNEDeko idazkaritzako lanak ere egingo dituela aprobetxatuta, Ane Barruso Aranzadiko zuzendariak azaldutakoaren arabera.
Esandako eskailera erabat bota eta berria egingo dute; baita igogailua jarri ere. Lanok irail erdirako bukatuko dira, ikasturtea hasten denerako, eta horiek bukatu eta gero hasiko dira eraikinean egin beharreko gainerako lanak. Lanok ze enpresak egingo dituen zehazteke dago, baina hil honetan esleituko dira.
Lan sakonak
Eskailera berria egiten bukatu –hori erabiliko dute solairuen artean komunikatzeko gainerako lanek iraun bitartean– eta berehala hasiko dira bigarren fasearekin. Fase horretan hauek egingo dituzte: zutabe patioa birgaitu eta haurtzaindegia han jarri; behe solairua Gureak tailerra izandako– eta lehen solairuaren erdia egokitu; eraikinaren erdiko eskailera berria egin; eta oraindik ere txukuntzeko geratzen den fatxada zatia konpondu. Lanok Aste Santurako bukatuko dituztela aurreratu du Ane Barrusok.
Horren ondoren, bigarren eta hirugarren solairuak berritu eta egokitzen jarraituko dute askotariko gelak jartzeko.
Ikastolarako sarrerei dagokienez, nagusia jolaslekukoa izango da. Herri Lagunak kalekoa mantendu egingo du eta segurtasunezko beste bat ere izango du, Haurtxoa alderantz.
Eskaintza osoa
Lanak bukatu eta gero, 0 urtetik hasi eta Batxilergora arteko eskaintza izango du Aranzadik Seminarioan. Behe solairuan Haur Hezkuntza egongo da: 0 eta 2 urte artekoak zutabe patioan egingo duten haurtzaindegian; eta 3 eta 6 urte artekoak Gureak tailerra zegoen gunean irabaziko dituzten geletan. Horrekin batera, jangela, sukalde berria eta psikomotrizitate gela ere hor egingo dituzte.
Lehen solairuan Lehen Hezkuntzako gelak egokituko dituzte eta baita idazkaritza ere. Beste bi solairuetan, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko gelak egongo dira eta baita laborategiak, informatika gelak…
Aranzadik guztira, eraikitako 7.528 metro ditu –5.876 metro erabilgarri–. Horietatik, 3.631 metrori eragiten diete obrek – 2.596 metro erabilgarriri.
Martinez de Irala hustu
Ane Barrusok azaldu duenez, Aste Santuan laga beharko dute Martinez de Irala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin Hezkuntza Sailarekin izandako azken bileraren arabera. Han bederatzi gela dituzte eta horiek Seminarioko eraikinean birkokatu beharko dituzte. Baina Barrusok azaldu duenez, oraingoz bederatzi horietako bost gela kokatu ahal izango dituzte eraikinean, eta gehitu du, "horregatik da garrantzitsua behe solairuko lanak Aste Santurako bukatuta egotea". Lan guztiak bukatu bitartean 2012ko Gabonak–, beste lau gelak Jaurlaritzak lagatako aurrefabrikatutako barrakoietan egon beharko direla ere azpimarratu du.
Martinez de Irala laga beharrak bestelako endredoak ere ekarriko dizkio Aranzadiri : "Gimnasio barik eta informatika gela bi gutxiagorekin moldatu beharko gara; Baita teknologia tailerrik gabe eta ingeles eta musika gelarik gabe ere", esan du Barrusok. Hala ere, gimnasioarenari irtenbidea emateko lanean dihardutela ere gehitu du.
Finantzazio bideak
Ikastola goitik behera egokitzeko lanen aurrekontua 2.301.000 eurokoa da eta horri aurre egiteko kreditua eskatuko dutela azaldu du ikastolako zuzendariak. Horretarako eraikina hipotekatu egingo dela ere esan du, eta hori egiteko badutela Foru Aldundiaren baimena.