Imanol Bolinaga: "80ko hamarkada gogorra izan zen Euskal Herrian; gogoratu egin behar da berriro ere ez errepikatzeko"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko uztailaren 14a

Gazte, 17 urterekin hasi zen Bolinaga politika kontuetan; orduan, klandestinitatean. 1983an alkate izendatu zuten eta ordutik buru-belarri ibili da lanean. Politikan egin duen ibilbideari gainbegiratua egitean, duda barik, alkate izandako urteak izan zirela onenak dio.

Zelan sartu zinen politikan?
Urte asko dira, 17 urte neuzkala sartu nintzen klandestino lanetan, 1950ean. Denborarekin zerbait lortzen hasi ginen, herri mailan, eta, hala, alderdi politikoak berritzen hasi ziren. Ordurako ni EAJn nengoen, baina garai hartan txartel berria jaso nuen. Hemengo batzokian izaten nintzen eta alkate baino lehenago batzarretako ordezkaria nintzen. Gero, hautagai izendatu ninduten eta 83an eskuratu genuen alkatetza.

Nola gogoratzen dituzu alkate izandako urteak?
Urte lanpetuak izan ziren, baina pozik eraman nituen. Asko ikasi genuen, eta maitasun osoz gogoratzen ditut.

80ko hamarkadako urteak gogorrak izango ziren Euskal Herrian.
Urte gogorrak izan ziren Euskal Herriarendako eta baita hemen bizi ginenendako ere. Istilu asko izaten ziren. Ez dira ahaztu behar urte haiek, eta gogoratu egin behar dira berriro ere ez errepikatzeko.

Pertsonalki zer izan zen urte haietako txarrena?
Pertsonalki ez, baina inguruan zeudenei lagundu beharra, espetxean zeudenak, Guardia Zibilak eramaten zituenak… Horiek izaten ziren lan latzenak. Joan beharra edo lagundu beharra. Eta, batzuetan, hala ere, ez zinen ondo ulertua izaten. Batzuek onartu egiten zuten egiten zenuena eta beste batzuek ez.

Alkate izandako urteetan egin zenuten Labegaraieta kiroldegia.
Kiroldegi baten beharra zegoen Bergaran. Diru asko gastatu genuen Labegaraieta egiten; izan ere, orduan, gaur egun bezala, krisian geunden.

Gainera, ez zen izan Labegaraieta egitea bakarrik, auzo guztia eraberritu genuen. Oso pozik geratu ziren herritarrak, eta, zer esanik ez, auzotarrak. Aurreko agintaldikoek hasi zuten proiektua eta guk jaso eta aurrera eraman genuen. 1986an inauguratu genuen kiroldegia.

Gainera, proiektua egin zuen Ramon Garitano arkitektoa saritu egin zuten.
Ramon Garitano auzotarra zen, eta Europa mailako saria irabazi zuen.

Migel Altuna pareko zubia egin zenuten, Ibargarai eta Matxiategi lotu zituenak.
Bai; obra handia izan zen. Lehen, auto guztiak herritik pasatzen ziren. Zubiarekin, Matxiategi eta Ibargarai lotuta geratu ziren. Gainera, Matxiategiko auzoa ere eraberritu genuen; eta baita Ibargarai kalea ere. Lehen, utzitako lantegiak zeuden han.

Beste proiektu bat Mizpirualde egoitza berritzea izan zen.
140 milioi pezeta kostatu zitzaigun. Izerdi ederrak bota behar izan genituen hori lortzeko. Mizpirualde bi zatitan egin zen, eta guk proiektu horietako bat egin genuen. Gainera, Zabalotegi kalea ere eraberritu genuen; 8 milioi pezeta kostatu zitzaigun.

Bergaran alkate eta zinegotzi izateaz gain, Gasteizen, Madrilen eta Bruselan ere ibili zara politika egiten. Zeintzuk izan dira urte onenak?
Gehien bete nauena Bergarako alkate izatea da, hori ezin da aldatu. Ahal izanez gero, atzera eginez gero, berriro ere alkate izan nahiko nuke. Urterik politenak izan ziren, duda barik, handienak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak