Angiozarko bailarak alkatea aukeratuko du domekan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uzt. 13a, 09:00

Angiozarren, alkatea aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte datorren domekan, hilaren 17an. Angiozar Bailarako Batzarrak egiten du deia eta alkatea eta batzarkideak aukeratuko dituzte. 18 urteak beteta eduki eta Angiozarren erroldatuta egotea edo bizitzea dira baldintzak, domekan botoa emateko aukera izateko.

Angiozar bailara zortzi auzok osatzen dute eta 298 lagun bizi dira 151 etxe edo baserritan. Honako hauek dira auzoak: Asentzio, Azkuneta, Errekaldea, Goimendi, kalea, Mainddao, Parteitti eta Zabaletamendi.

Alkatea eta 19 batzarkide

19 batzarkide aukeratuko dituzte denera, auzo guztietakoak, ordezkaritza izan dezaten auzo guztiek. Kalean bizi da jende gehien eta hangoak izango dira ordezkari gehienak, 6 guztira; gainerako auzoetan, bina ordezkari aukeratuko dituzte, Asentzion izan ezik, han bakarra aukeratuko dute-eta.

Hautestontzia Angiozarko saloian jarriko dute, 10:00etatik 14:00etara. Goimendin eta Zabaletamendin, bertan bozkatzeko aukera izango dute, hautestontzi ibiltariaren bitartez. Mahai ibiltariaren ordutegia auzotarrei jakinaraziko zaie. Botoa emateko orriak etxerik etxe banatuko dituzte, baina hauteskunde mahaian ere egongo dira.

Parte hartzera dei

Angiozar Bailarako Batzarrak dei egiten diete herritarrei parte har dezaten, "bai domekako hauteskundeetan eta baita gure herriaren beharrak ahalik eta egokien antolatzeko batzarretan; denon artean asko egin dezakegu" diote.

Gaur egun, Mila Elortza

Mila Elortza da gaur egun Angiozarko auzo alkatea. 2007an aukeratu zuten. Orduan, gainera, Abiadura Handiko Trenaren gaineko galdeketa egiteko ere aprobetxatu zuten bozketa eguna. AHTren aurka agertu ziren herritarrak, alde handiaz. Ez bozkatu zuten 193 lagunek; beste lau lagunek, Bai; eta, beste 10 boto, baliogabetuak izan ziren. %83,87koa izan zen partehartzea herri galdeketa hartan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak