Artoa birrintzeko makinak Miguel Altunatik Kongora

Edu Mendibil 2011ko uztailaren 12a

Proiektu berritzailea jarri dute abian Bergarako Miguel Altuna institutuan. Azpigaratutako herrialdeei lagundu eta, bide batez, ikasleen lanari etekina atera nahian, artoa birrintzeko makinak egingo dituzte hurrengo ikasturtean. Afrikara, Kongora bidaliko dituzte makinok.

Orain arte ikasleek lantzen zituzten mekanizazio proiektuak txatarrara bota edo ikastetxeko bitrinetan ahaztuta bukatzen bazuten, aurrerantzean aipatutako proiektuei etekina ateratzea izango da helburua. Eta azpigaratutako herrialdeei laguntzeko bada, askoz hobe. Horrela, hurrengo ikasturtean artoa birrintzeko makinak egingo dituzte ikasleek. Eta Afrikan, Kongon, erabiliko dituzte hango nekazariek Bergaran landutako makinak.

Zortzi bat makina urtean

Mekanika alorreko zortzi irakaslek hartu dute parte proiektuan urtarriletik hona: Joxu Aranak, Enrike Azpiazuk, Aitor Diaz de Espadak, Xabi Epeldek, Ibon Gantxegik, Jon Insaustik, Gorka Lazkanok eta Jon Zalduak. Hurrengo ikasturtean, esan bezala, mekanizazio ikasten diharduten ikasleek izango dute aipatutako makinak muntatzeko ardura. Aurreikuspenen arabera, lau ikaslez osatutako taldetxoak osatuko dituzte eta 6-8 makina egingo dituzte ikasleek. Irailetik urtarrilera bitartean ezagutzak barneratu ondoren, handik aurrera makinak egiteari ekingo diote. Arduradunen arabera, ikasleen inplikazioa askoz ere handiagoa da, beraiek egindako lanari erabilpen erreal bat ikusten diotenean. Proiektuak ikasleak motibatzeko balio izango duela uste dute, "haien erantzukizuna handiagoa delako hain zuzen".

Artoa birrintzeko makina zergatik egin duten galdetzean, zera diosku Lazkanok: "Hainbat aukera aztertu genuen eta Via Campesinakoekin egon ostean, Kongotik azaldu zuten interes gehien artoa birrintzeko makinak eskuratzeko. Produktuak merkaturatzeko arazoak ei dituzte eta gure makina baliagarria izango zaielakoan egin dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak