Ramon Etxaniz: "Gaur egun ere txistua jotea da ariketarik onena niretako"

Edu Mendibil 2011ko uzt. 13a, 10:30

Bergarako auzo eta txoko guztiak alaitu ditu txistuaren soinuarekin.  Mende erdia baino gehiago darama Udal Txistulari Bandan eta San Martzialgo erromerian merezitako omenaldia jaso zuen Udalarengandik, urtetan egindako lanagatik. Abuztuaren 31n 83 urte beteko ditu Ramon Etxanizek, eta osasunak laguntzen dion bitartean txistua joten jarraituko duela diosku.

Hori da marka hori zurea...
Bai, soldadutzatik etorritakoan hasi nintzen Udal Txistulari Bandan. Gaztetan futbola eta musika ziren nire zaletasun handienak. Bergarako futbol taldean 30 urte bete arte-edo jokatu nuen. Volante jokatzen nuen. Futbola laga baino, ondorengoek hartuko zidaten lekua... Udal Txistulari Bandan, besteak beste, Boni Laskurainekin eta Joseba Labordarekin ibilita nago. Joseba hil zenean, 68an, ni izendatu ninduten zuzendari. Eta gaur egun Josebaren biloba, Ander Laborda, dabil gurekin...

Zenbat lagun zarete gaur Bandan?
Sei. Amaia Lazkano, Ander eta neu txistulari; Aitzol Ostogain eta Martin Garmendia dira silboteak eta atabalarekin Ekaitz Otxoa dihardu iazko San Martzialetatik. Lauzpabost lagun ere ibili gara sasoi batzutan, baina aspaldian sei gara. Baina denok ez gara joaten beti, lau lagun jeneralean.

Zelan hasi zinen txistua joten?
Julian Etxaniz lehengusuak silbotea joten zuen eta Julianek anaia txistuarekin laguntzea nahi zuen. Egur koloreko txistua genuen etxean, ni animatu nintzen nonbait eta gaur arte.... Hasi berri izan nuen txistu hura galdu egin nuen. Orain erabiltzen dudana eta beste bi dauzkat, aspaldian jo ez ditudanak.

Txistulariondako ez dago erretirorik...
Osasunak laguntzen didan bitartean... Batzuk paseoan, igeriketan edo korrika ibiltzen dira. Niretako txistua da ariketarik onena, joten dudan bitartean arnasketa lantzen dudalako.

Ilusioa egingo zizun San Martzialetan jasotako omenaldiak.
Hitz barik geratu nintzen. Zerbait esan nahi eta ezin... Etxekoek ere ez zekiten ezer, sorpresa izan zen guztiondako, eta pena dut ez zirelako igo San Martzialera.

Etxean izan duzu erreleborik?
Semea eta alaba nirekin jotakoak dira biak, baina lagata daukate.

Pieza kuttunen bat?
Anai biak, Jeronimo aitak kanturako egina eta Miguel Gonzalez Bastidak armonizatutakoa.

Bergarako jairik bereziena?
Sanmartzialak, jai alaia delako eta ohiturei eusten diegulako. Jende asko joan da aurten baita eta horrek ematen dio indarra. Santa Marina eguna dator orain, Basalgoko jaiak... Asko daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak