Gari Garitano: "Errazago marrazten dut mutil baten aurpegia neska batena baino; neskak konplexuagoak dira"

Asier Alkorta 2011ko uztailaren 12a

Txiki-txikitatik marrazten du eta entretenitu egiten da eginkizun horretan. Asko gustatzen bazaio ere, askatasun osoz egitea gustatzen zaio, "presiorik gabe". Bergarako Bule tabernan lan egiten ez duenean, lasai dagoenean, Gari Garitanok (Bergara, 1979) tartetxoa hartzen du marrazteko. Arkatza albo batean utzi eta gaur tabernako barraren beste aldean jarri da berba egiteko.

Noiz eta nola hasi zinen marrazten?
12 edo 14 urterekin hasi nintzen marrazten, Dragoi Bola-rekin. Hasiera baten, marrazkiak kopiatu egiten nituen. Gero, musikaren munduan sartu nintzen eta gitarrak eta bestelakoak hasi nintzen egiten. Azkenean, berriro marrazkien estiloa aldatu nuen, eta musika alboratu.

Txikitatik hasi bazinen ere, eskuekin abila zara, ezta?
Bueno, kontua egitea da. Orduak eta orduak sartu behar dira, eta horrela trebatzen da. Egin eta egin, geratu barik.

Aldizkariak eta bestelako argitalpenak asko kontsultatzen dituzu?
Bai, marrazkiak ikusten ditut liburuetan eta El Jueves bezalako aldizkarietan. Orain, aldiz, bideograbatuekin nabil. Bideograbatuak papera errez egiten dira.

Karikaturak edo marrazkiak egiteko aurpegi zailik badago?
Orokorrean, neskak oso zailak dira marrazteko. Mutilak errazago egiten ditut neskak baino. Neskek aurpegi finagoa eta konplexuagoa dute marrazteko.

Eta zein da marrazteko erraza?
Xelebrea den edonor.

Kopiatzen hasi zinen, baina gaur egun zuk zeuk asmatzen dituzu marrazkiak?
Bai, kopiatzea teknika hartu eta trebatzeko modu bat da; kopiatzen ikasten da. Horrela hasten zara eta gero zuk zeuk zeure marrazkiak marrazten amaitzen duzu.

Beti zuri-beltza erabiltzen duzu?
Gehienetan. Koloretan ere zer edo zer egin izan dut, baina, normalean, zuri-beltza erabiltzen dut. Dena koloretan egitea zaila da niretzat. Eta egiten badut ere, aurretik egindako marrazki bat hartu, kopia atera eta kopia hori margotzen dut. Inoiz kolorea xehetasunak markatzeko ere erabili izan dut. Pinturarekin bakarrik bi koadro egin ditut.

Paper zuriaren aurrean jartzen zarenean, zer da lehendabizi marrazten duzuna?
Lehenik eta behin, argazkia buruan eduki behar dut, ezinbestean. Gero begien paretik edo aurpegiko formatik hasten naiz. Hasieran zikinean egiten dut eta behin oinarri bat zikinean eginda dudanean, garbira pasatzen hasten naiz, xehetasunak gehituz.

Zenbat denbora behar duzu marrazki bat egiteko?
Bi edo hiru orduan egin dezaket.

Bizkor!
Kontuan hartu behar dena da bi edo hiru orduan horretara egoten naizela, buru-belarri. Eta egindakoa gustatzen ez bazait, zuzenean zakarrontzira doa.

Ikusten dudanez, zeure buruarekin zorrotza zara. Inguruan duzun norbaiti iritzirik eskatzen diozu?
Amari-edo galdetu izan diot ea gustatzen zaion. Nik gogoko ez badut, aldiz, apurtu egiten dut.

Erakusketarik-edo jarri duzu herrian?
Behin, lagun baten tabernan jarri nuen, eta baten batek marrazkiak garestiak zirela esan zidan. Baina kontuan eduki behar dutena da nik hori egiteko hiru edo lau ordu behar ditudala.

Badago bereziki marraztuko zenukeen ezer?
Ondo egindako karikatura bat. Bestela, paisaiak-eta ez zaizkit gustatzen.

Dagoeneko bilduma potoloa edukiko duzu etxean, ezta?
Nik egindako marrazkirik ez dut etxean koadroan jarrita. Denak karpetetan gordeta daude.

Marrazketarekin lotutako zer edo zer ikasi duzu?
Ez. Behin, ordu bat egin nuen Artelekun, baina ez dut ezer gehiagorik egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak