Albert Collins, Johnny Winter eta Stevie Ray Vaugham bezalako maisuek hasitako bidea jarraitu du Caporusciok. 1991n blues taldea sortu zuen Italian. Ondoren, 1995ean, Madrilera joan zen.
Maiatzean argitaratu zuten lehenengo lana
Blues eta rock doinuak lantzen dituen taldeak maiatzean argitaratu zuen lehenengo lana Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Hamar abestik osatzen dute lehen lan hori; abestien oinarria gitarra doinuak eta abeslariaren ahots bereizgarria dira. Blues lasaia, alde batetik, eta rock indartsua, bestetik, denetik du diskoak; baita country eta jazz ukituak ere. Caporuscio da taldeko ahotsa eta gitarra-jolea; Javier Vacasek baxu elektrikoa jotzen du eta Antonio Pax Alvarezek bateria.
Dagoeneko bigarren diskoa gertatzen dabiltza taldekideak. AEBetako Grooveyard diskoetxe ospetsuarekin aterako dute diskoa, aurten bertan.
Uztaileko kontzertuak
Bermugaren asmoa musika beltza herritarren eskura jartzea da. Hala, uztaileko egubakoitz guztietan egongo dira kontzertuak Espoloian. Hilaren 15ean, Badajoz eta Portugalgo Nao taldeak bossa doinuak ekarriko ditu; eta uztailaren 22an, Rico McLarrin & Marcos Coll Band taldearen blues, funk eta soul doinuak. Kontzertuak 22:00etan izango dira, Espoloian. Abuztuan, ostera, egubakoitzetan beharrean eguaztenetan izango dira saioak.