Auditoriuma, Oxirondoko azokan eta azoka Migel Altunan

Irati Goitia 2011ko uztailaren 7a

Auditoriuma Oxirondo azokan egiteko asmoa berretsi du Jesus Elortza alkateak. Aurreko agintalditik datorren planteamendua da eta horri eutsi diotela esan du. Hasiera batean auditoriuma gaur egun Miguel Altuna institutua dagoen gunean egitea aurreikusten zen.

Elortzak azaldu duenez, aurreko Gobernu Taldeak azoka biziberritzeko egindako planak agerian utzi zuen azoka ez dela “oso egokia egungo beharretarako”. Izan ere, “eraiki zenetik gauzak asko aldatu dira”. Horregatik, ondorioztatu zuten egun azoka dagoen tokian egitea auditoriuma eta azoka Miguel Altunara eramatea.

Azoka, Miguel Altunara

Elortzak esan du: “Azoka eraikinaren beheko solairuan jarriko dugu eta goikoak udal erabilerarako izango dira”.

Azoka lekuz aldatzeko asmoa azokako bertako dendariekin eztabaidatutako gaia dela esan du alkateak, eta dendariok ados azaldu direla asmoarekin: “Baldin eta lekualdaketa egiten denean ahalik eta eragozpenik txikiena eragiten badiegu”.

Auditoriuma, azokara

Auditoriuma azokara eroateko behar eszenikoen gaineko azterketa egin behar dela azaldu du Elortzak, eta horren arabera ikusiko dela “zer-nolako auditoriuma” behar den. Alderdi ekonomikoa ere “baldintza garrantzitsua” izango dela esan du.

Gogora ekarri du baita, planoak gauzatzeko lehenik eta behin Miguel Altuna institutua Mayc ondoko eraikin berrira eraman behar dela eta horrek “denbora” eramango duela: “Jaurlaritza motel dabil. 2001ean hasitako proiektua da; 10 urte igaro dira eta orain dihardute azpiegitura lanak egiten institutuaren kokaleku berrian”. Horren harira, hil honetan Jaurlaritzara joateko asmoa dutela gehitu du, “gestioa arintzeko” asmoarekin.

Hori guztia egin ostean hasiko lirateke auditoriumeko lanak. Beraz, noizko aurreikusten da auditoriuma izatea? “Gure agintaldian proiektua garatuta uzten badugu, eta again, obrak hasita, pozik egoteko moduan egongo ginateke”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak