Martitzenean hasi zen auzolandegiaren lehen txanda Mizpirualde egoitzan. Zaragoza, Bartzelona, Madril, Durango, Portugalete, Cadiz eta Valentziako bederatzi gazte etorri dira egoitzako nagusienekin hartu-emana izatera. Izan ere, horixe da Udalak proposatu eta Jaurlaritzak antolatutako auzolandegiaren helburua: belaunaldien arteko elkarbizitza bultzatzea pertsona nagusien eta gazteen arteko elkartrukearen bidez.
Auzolandegia 2009ko uztailean egin zen lehenengoz. Uztailean egin zen orduan ere, 15 eguneko bi txandatan, eta, eragile guztien aldetik –Udala, Mizpirualde egoitza eta Jaurlaritza– izandako balorazio positiboa kontuan izanda, aurten berriz errepikatzea erabaki dute eta orain ere hamabost eguneko bi txanda egingo dira: 1etik 15era lehena eta 16tik 30era bigarrena –bigarrenera zenbat etorriko diren zehazteke dago.
Egoiliarren laguntzaile
Goizetan egongo dira Mizpirualden auzolandegira etorri diren bederatzi gazteak, 10:00etatik 13:00etara, eta Mizpirualdeko animazio lantaldeko profesionalekin batera egoiliarren dinamizazioan parte hartuko dute, betiere egoitzako psikologo animatzaile, monitore okupazional eta gizarte langilearen gidaritzapean.
Besteak beste, egoiliarrei egunkaria irakurtzen lagunduko diete gazteok, psikomotrizitate ekintzak egiten, eurekin kartetan egingo dute, paseatzera lagunduko diete, festa eta jolasak antolatuko dituzte eta adinekoen egoitzatik kanpoko harremanak errazteko ekintzak gauzatu.
Gazteek egingo dituzten lanak egoiliarrengan ondorengoak bultzatzea du helburu: parte-hartze aktiboa, nagusiak euren buruarekin ez isolatzea, gaitasun psikomotrizen garapena eta nagusiek memoria eta harreman sozialak garatzea. Horrekin guztiarekin, auzolandegiarekin lortu nahi da belaunaldi desberdinen arteko elkar-ezagutza eta harremanak bultzatzea, gazteen artean elkartasuna sustatzea, egoitzako giroa animatzea eta herritarrak adineko pertsonek gizartean duten zeregin garrantzizkoaz jabetzeko jarduerak garatzea.
Herria ere ezagutuko dute
Gaztelekuan egingo dute lo eta baita otorduak ere gazteek. Era berean, herria ezagutzeko aukera ere izango dute eta horretarako propio antolatutako ekintzez gozatzeko aukera izango dute: turismo bulegoarekin bisita gidatua, kostaldera irteera, egubakoitzetan jazz kontzertua Espoloian...