Sumofic-Lokatza taldeko Mikel Aristi bergararra Italiara joango da uztailaren 14tik 17ra, gazte eta hogeita hiru urtez azpikoen errepideko Europako txapelketan parte hartzeko deitu du-eta Espainiako hautatzaileak. Txapelketa, Italiako Offida herrian egingo dute, Adriatiko itsasotik oso gertu, Ascoli Piceno probintzian. Gazte mailan iraupen proban arituko da Aristi, uztailaren 16an. Mikel izango da gazte mailan izango den euskal ordezkari bakarra, nahiz eta beste kategoria batzuetan egongo den ziklista euskaldunik.
Aukeratuen artean
Gipuzkoako Itzulia irabazi ostean Sumofic-Lokatzakoek bazekiten Europako Txapelketara joateko aukerak izango zituela Aristik. Baita berak ere, nahiz eta zaila izan. "Esperantza baino ilusioa daukat, baina oso zaila izango da, sei ziklistendako lekua baino ez delako egongo". Bada, sei lagun horietako bat izango da Bergarakoa.
124 kilometroko lasterketa
Gazteek egin beharko duten ibilbideak 124,2 kilometro izango ditu, 13,8 kilometroko zirkuitu gogor bati bederatzi itzuli eman beharko dizkiete. "Ibilbidean 2,5 kilometroko eta %7ko malda duen aldapa izango dute, eta horretaz gain, helmugako azken kilometroa ere maldan gora izango dute, beraz, exijentzia maila altua eskatuko du Europako txapelketak", adierazi dute Sumoficeko ordezkariek. Hori dela eta, txapelketa prestatzeko selekzioak ekainean egin zuen kontzentrazioan amateurrekin korritu zuen Mikelek, eta bertan erakutsi zuen bide onetik doala.
Bizkaiko Biran, bihartik hasita
Europako Txapelketara begira, pedal kolpe ona izateko Aristik Bizkaiko itzulia korrituko du Markinako taldean utzita, bihar, eguena hasi eta domekara bitartean.