Gaztetan San Martin plazako Americano tabernan jardun zenuen...
Halaxe da. Bergarako lehen emakume zerbitzaria izango nintzen. Aurretik Edurne Aldana ibili zen baina bizkaitarra zen hura... Oso oroitzapen onak ditut. Primeran hartu ninduten tabernako jabeek, Sebastian Etxeberriak eta haren emazteak, Jacobak. Etxekoa nintzen haientzat eta euren seme-alabak nireak izango balira moduan maite nituen... Americanon hasi aurretik Donostiako alde zaharreko Olaso tabernan egin nuen lan eta han ezagutu nuen nire senarra izango zena, Carmelo Agirre. Bera ni baino lehenago joan zen Argentinara eta ahalordez ezkondu ginen, ni Bergaran eta hura Argentinan zegoela...
Gauza bitxia, ala?
Bai horixe! On Pepe Larreak, nire aitor-entzuleak, konfesoreak ezkondu ninduen. On Ceferino Oñatibia San Pedroko parrokoa gaixo zegoen eta hari ez zitzaion grazia handirik egiten... Gaixo zegoen eta Tomas Antia, Juan Jose Hernando, Martin Arana eta beste batzuk nire ezkontzan kantatzeko gertu azaldu ziren... On Pepe Larreak ere organoko giltza jarrita laga zuen ezkontzan erabili ahal izateko eta dena primeran irten zen, zorionez. Sasoi hartan beltzez ezkontzen ziren emakumeak eta halaxe egin nuen nik ere. 1954ko maiatzaren 20an izan zen ezkontza eta 1955ko urtarrilaren 21ean abiatu nintzen Argenetinara, itsasontziz, Santurtzitik. Santos Alustiza kazetariak ere jaso zuen nire martxa egunkarian... Oso bidaia luzea zen eta otsailaren 10ean iritsi ginen Argentinara amaginarreba eta biok. Berak ekarri zidan aliantza ezkontza egunean. Argentinara iritsi eta gutxira, otsailaren 25an, nire aitona hil zen; zenbat negar egin nuen nik orduan!
Herriko topaleku nagusietakoa zen Americano taberna sasoi hartan.
Herri erdiko taberna dotoreenetakoa zen... Baziren beste batzuk inguruan: Etxenagusia, Club Deportivo, Ollagorra, Lonbide, Euxebio... Sasoi hartan nagusiki gizonak ibiltzen ziren tabernetan. Txikiteoan jende mordoa ibiltzen zen eta jendeak tabernan kantatzeko ohitura zeukan. Horren hutsunea nabaritzen dut gaur. Baina bai, jendez lepo izaten genuen taberna, domeka eguerdietan batez ere, eguerdiko ordu bateko mezaren ostean. Tabernako saloian 85 aulki genituen, atera kontuak! Txibiak goizeko zortziak aldera gertatzen hasten nintzen eta urtetan izan dut sekretupean errezeta hori... nire alabak eskatu zidan arte. Donostiako Barandiaran tabernako Manolok erakutsi zidan niri eta Argentinatik telefonoz eman nien errezeta alabari-eta. Orain beraiek jarraitu behar tradizioarekin...
Zer moduz joan zaizue Argentinan?
Ondo. Gu joandakoan urte onak ziren Argentinarentzat eta gero etorri zen gainbehera... Senarrak gozogile jardun zuen eta ondo moldatu ginen hango bizimodura..., ez zegoen besterik. Banfield-en bizi izan gara, Buenos Airesen. Etxean bederatzi anai-arreba ginen eta Sebastian anaia ere Argentinara etorri zen. Kolpe gogorra jaso nuen haren heriotzarekin, 1975ean. 1955ean Argentinara joan eta 1986ra arte ez nintzen berriro etorri. Nicasio aita han nengoela hil zen, 1965ean, eta ama, Margarita Albizu, 1994an. Senarra, berriz, handik gutxira. 1986tik hona makina bat aldiz etorri naiz. Koadro dotorea oparitu zidan Migel Okinak orduan..., eta erretratu bat ere egin zidan. Jose Mari nire anaiaren lagun handia zen. Azken aldiz 2007an egon nintzen Bergaran. Beti da pozgarria etortzea. Argentinan nagoenean beti pentsatzen dut Bergararekin. Norberaren herria ez da utzi behar. Orain nire seme-alabek sufritzen dute hori...
Nola aurkitu duzu Bergara?
Ederragoa, handiagoa... galdu egiten naiz orain! Baina sekulako ilusioa egiten dit aspaldiko lagunak agurtzeak. Egunotan Mallorcara joango gara, Andres biloba, ilobak eta Maritxu ahizpa bisitatzera eta Bergaran urrira arte nago. Bihotza erdibituta daukat: Argentinan eta Bergaran egon nahi dut eta ez dakit non bukatuko dudan...