Pedro Rico: "Futbol zelaia jabetzan izatea ohorea da baina era berean gastu handia dakar mantenuak"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko uztailaren 5a

Pedro Rico datozen lau urteetan gogor lan egiteko gogoz ikusi dugu. Bergara Kirol Elkarteko kirol sail guztiek batera lan egingo dute aurrerantzean. Erronkak zeintzuk izango diren azaldu dizkigu.

Zuzendaritzari ofizialtasuna ematea da nahia.
Orain arte lagun taldeek hartu izan dute elkartea, eta zuzendaritza ez da oso ofiziala izan; orain nahi duguna da ofizialtasun hori ematea .

Inor ez da aurkeztu zuzendari izateko, horregatik jarraituko duzu beste lau urtez.
Batzarra egin genuenean deialdia egin genuen zuzendaritza berria osatzeko hautagaiak aurkez zitezen. Baina inork ez du kargu hau hartu gura. Bergaran kirol asko egiten da baina inork ez du ardurak hartzerik nahi.

Nola daude kirol sailak?
Saskibaloi saila oso ondo eramaten dute. Gero eta gehiago dira saskibaloia egiten dutenak.
Eskubaloian, bestalde, gorakada izan dute baina ez hainbeste. Eskubaloia eramaten duenak dio ez duela laguntzarik taldea aurrera eramaterako orduan. Gertatzen dena da bakarrik dagoela eta ez duela zuzendaritza talde bat laguntzeko. Gainera, futbolak jokalariak kentzen dizkiola dio. Uste dugu jokalarien gurasoek lagundu egin beharko luketela, eta gainera, publizitatea egingo duen norbait ere bilatu beharko luke.
Pilotan, bestalde, ez dago arazorik. Ume asko daude. Hala ere, kirol guztietan gertatzen den bezala behin 16 urte betetzen dituztenean kirola uzten dute.

Berrikuntza izango da orain lau sailak elkarrekin lan egingo duzuela.
Bai, izatez lau sailak gaude Bergara Kirol Elkartearen barruan, baina orain dela urte batzuk banatu egin ginen. Sail bakoitzak bere ekonomia eraman nahi zuen eta horregatik izan zen banaketa. Guk, futbolean, Bergara Kirol Elkartearen izenean jasotzen ditugu diru-laguntzak, eta gainerakoei euren zatia ematen genien.
Esan behar da gaur egun ekonomia ona daukagula elkartean.

Zeintzuk izango dira zuzendaritzan sartuko diren kide berriak?
Bokal bezala sartuko dira saskibaloi saileko Mellado, eskubaloiko Josetxo Muniategi eta pilotako Gutierrez.
Zuzendaritzan egon zareten orain arteko lau urte hauetan zer izan da eginbehar garrantzitsuena?
Lehenengo eginbehar garrantzitsuena elkartea ekonomikoki bere onera ekartzea izan zen. Elkartea hartu genuenean zor asko genituen eta esan daiteke gaur egun zorrak kitatuta ditugula.

Gainera, elkarteak hainbat jabetza ditu.
Bai, hala da. Esan daiteke ez dagoela beste elkarterik guk bezalako ondasunak dituenik. Taberna eta lokala daukagu, eta baita futbol zelaia ere. Gipuzkoan ez dago beste elkarterik futbol zelaia jabetzan duenik. Hori oso garrantzitsua da.

Eta, zeintzuk izango dira hurrengo lau urteetarako erronkak?
Futbolari dagokionez talde indartsua eta lehiakorra egitea. Bi urte barru hirugarren mailara igotzea izango litzateke asmoa; izan ere, Bergara bezalako herri batek merezi du hori. Beheko mailetan, berriz, ahalik eta ondoen ibiltzea, eta neskei dagokienez errekuperatu egin behar da Bergaran jokatzeko ilusioa. Ez dakit zergatik, baina arazo handia dugu: neskak ez dute Bergaran jokatu nahi eta ondoko herrietako elkarteetara joaten dira.
Niretzat oso garrantzitsua da taldeko jokalariek eta entrenatzaileek jakitea euren irudia Bergararen irudia dela. Ilusioa izan behar dute Bergarako lehenengo taldean jokatzeko, eta ez Realean edo Athleticean.

Nola ikusten duzu Bergaran kirolaren osasuna?
Nik uste dut Bergaran kirol asko egiten dela eta horrek poztu egiten nau. Umeen gehiengoak egiten du kirola, eta esango nuke Udalaren lorpena dela hori.
Gertatzen dena da gero eta talde gehiago egon, gero eta gehiagoren artean banatu behar direla diru-laguntzak. Hortaz, gainerakoendako diru gutxiago dago. Nik gogoratzen dut futbolean jokatzen nuen garaian Bergara Kirol Elkarteak 36.000 euro jasotzen zituela Udalaren eskutik; orain, ostera, 20.500 inguru jasotzen ditu. Hortaz, musu-truk lan egiten dutenei esker ateratzen dugu elkartea aurrera.

Zeintzuk dira kirol elkarteek dituzten arazo larrienak?
Arazo larrienak ekonomikoak dira. Partiduak ikustera jende gehiago joatea eta bazkide gehiago izatea beharrezkoa da.

Futbol zelaia zuen jabetzakoa da. Zer esan gura du horrek?
Batez ere gastu handia dakar zelaia jabetzan izateak. Gainera, kontuan hartu behar da belar naturaleko zelaia dela, hortaz lan handia egin behar da. Urtean 12.000 edo 15.000 euro bideratu behar dira zelaira, eta lau urtetik behin belarra aldatzen da. Belar naturala izateak dakar Realeko gazteen txapelketako partiduak Bergaran jokatzea. Hori guretako ohorea da.
Zelaia herriko seme batek dohaintzan eman zion Bergara kirol elkarteari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak