Iñaki Bikuña: "Europan oinarrizko eskubidea da datu pertsonalen babesa "

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko uztailaren 6a

Iñaki Bikuña Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria da. UNED-Bergarako Udako Ikastaroetan izan zen Bikuña, 'La protección de datos. Un reto para la sociedad' ikastaroa eskaintzen. Datuak babesteko bulegoan urtean informazioa eskatzeko 1.000 dei baino gehiago izaten dituztela dio Bikuñak.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Erronka asko daude, baina nabarmentzeko erronka da globalizazioak sortutakoa. Hainbat herrialdetan hartzen diren neurri juridikoek ez dute ezertarako balio nazioarte mailan adostasunik ez baldin badago. Mundu mailan, Europan eta Kanadan bakarrik da datu pertsonalen babesa oinarrizko eskubidea. Beste herrialde oso garatu batzuetan, teknologia maila garatuak dituztenetan, ez dute babes hori.

Nola eragin dute teknologia berriek datu pertsonalengan?

Eragin zuzena izan dute. Izan ere, teknologia berriek datu pertsonalen analisia eta tratamendua ahalbideratzen dute. Horrek, baina, munduan gertatzen ari dena islatzen du. Boterea ez dago Estatuarengan, lehen bezala; boterea oso zabaldua dago eta sektore publikoan, pribatuan… dago. Sare sozialek, Facebook-ek esaterako, 750 milioi bezero ditu. Sektore horiek datu pertsonalak tratatzen dituzte. Erabiltzaileak uste du bezeroa dela eta, gainera, produktua doan dela; baina ez da bezeroa, baizik eta komertzioaren objektua da. Hala, datu pertsonalak tratatzen dituzten enpresak daude.

Datu pertsonalen babesaren eskubideak urratu egiten dira gurean?

Europan pribilegiatuak gara gainerako herrialdeekin alderatuta. Europan oinarrizko eskubidea da, eta esan behar da legeak onak direla. Horregatik Europan optimistak izan behar dugu.
Baina erabiltzaileak kontuan izan behar du Interneten egiten dituen gauza asko ez direla Europa tratatzen –adibidez, AEB, Korea, Japonia…– Horregatik diot oinarrizkoa izango litzatekeela pribatutasunaren gainean oinarrizko akordioak hartzea.

Herritarrok badakigu zeintzuk diren gure eskubideak?

Datuak babesteko eskubidea oinarrizko eskubidea berri bat da, eta baita teknologiak eurak ere. Horregatik, herritarrek ez dute ondo ezagutzen legea, ezta eskubideak zeintzuk diren ere; gainera, datuen babesa bermatzeko dauden instituzioak ere ez dira ezagunak. Horrelako kurtsoen bitartez gure lana ezagutzera eman eta herritarrek dituzten eskubideak zeintzuk diren ezagutaraztea gura dugu.
70eko hamarkadan ikusten zen zer etor zitekeen, baina oraindik ez zen ezagutzen egungo moduko ordenagailurik. Europan garrantzitsua izan zen Europako Kontsiluaren 1981eko Datuen babeserako Europako hitzarmena; Espainian 1992an egin zen lehen legea eta 1999an, egun duguna egin zen.
Zuzenbidea beti errealitate sozialaren atzetik ibili da, arautzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak