Jon Errasti Pazkoetako zapiarekin, Zizurkilen

Edu Mendibil 2011ko ekainaren 30a

Joan dira Pazkoak eta aspaldiko lagun baten argazkia iritsi zaigu erredakziora. Jon Errastik ere Pazkoetako zapia jantzi zuen, herriko jaiekin ez huts egiteko. Udaleko arduradunek bidali zioten zapia Zizurkilera, Konsuelo arrebaren bitartez.

Hain zuzen ere, Zizurkilen, Uliazpiren Fraisoro zentroan dago Jon 2008ko abendutik, eta primeran zaintzen dutela diosku familiak. Bien bitartean, Jonen hutsunea nabari dugu Bergarako kaleetan. Realeko kamisetarekin edo Barçakoarekin jantzita (izan ere, talde handiak gustuko izan ditu beti...) eta biseratxoa buruan, leku eta ekitaldi guztietara iristeko gauza zen, noizbait, kalejiraren baten ziurrenik, Bergarako Udal Musika Banda ia-ia zuzentzeraino ere.

Goienako erredakzioan ere, Bergaran, askotan izaten genuen bisitari. Edozein aitzaki erabiltzen zuen sukalderaino sartzeko eta... batez ere neskak agurtzeko. Joan den maiatzaren 29an 48 urte egin zituen Jonek. Familiakoekin eta Zizurkilgo lagunekin ospatu zuen. Zorionak, Jon!!! eta besarkada handi bat Goiena egiten dugun guztion partetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak