Donostia izendatu berri dute 2016ko Europako Kultura Hiriburu. Berri pozgarria, ezta?
Bai, bai, Donostiarendako ez ezik, baita Gipuzkoa eta Euskal Herri osoarendako ere. Eta baita guretako ere. Izan ere, Euskal Herri osorako orkestra da gurea, baina egoitza Donostian du. Hortaz, uste dut sinergia eta dinamika oso interesgarriak sor daitezkeela.
Bost urte eman dituzu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (OSE) gerente. Zer moduz?
Pozik. Gauza asko egiteko aukera izan dut. Batzuk beste batzuk baino hobeto. Lortu dugu orkestraren proiektuari beste dimentsio bat ematea.
Alemanian egon berri zarete. Zer egin duzue han?
Gurea orkestra europarra dela esaten dugu eta bira hau da horren erakusle. Lau emanaldi izan dira. Horietatik hiru Düsseldorfen. Izan ere, Düsseldorfeko orkestrarekin elkartrukea egin dugu. Lanean gaude Europa mailako beste proiektu batzuekin. Orain, gainera, Europako Kultura Hiriburuaren kontuarekin, aukerak irekitzen zaizkigu eta gehiago aldarrikatu beharko dugu, beharbada, gure europartasun hori. Aipatu nahi dut 2012an Vienara joango garela.
Sarri irteten zarete nazioartera
1982an sortu zenetik 14. bira izan da azkeneko hau. Bi urtetik behin-edo egiten dugu. Ekonomiak ahalbidetzen badu, urtean behin ere bai. Europan ez ezik, Amerikan, Txilen, Argentinan eta Brasilen ere egonak gara.
Non du egoitza OSEk?
Donostian, Miramonen. Euskal Herri osoko orkestra gara. Donostiako Kursaalen, Bilboko Euskaldunan, Gasteizko Printzipalen eta Iruñeko Baluarten jo ohi dugu. Orkestra ibiltaria da gurea. Hori da ezaugarri nagusia.
Zenbat musikari ditu?
Lantalde osoa 105 lagunek osatzen dugu. Horietatik, 95 musikariak dira eta beste hamarrekoa administrazioko eta bestelako pertsonal teknikoak osatzen du. Estatuan, abonatu kopuruari dagokionez, lehen orkestra gara. 7.000 abonatu dauzkagu. Urte normal baten, 150.000 ikus-entzule izaten ditugu. Jendartean errotuta dago.
Batez besteko adina?
Orkestra nahiko gaztea da, kideen batez bestekoa 45 bat urtekoa da-eta. %55 gizonezkoak eta gainerakoak emakumezkoak dira.
Jatorriari buruz?
Oposizioak egiten dira gure orkestran sartzeko. Entzuketak egiten dira horretarako: teloi beltzaren alde baten musikaria eta bestean epaimahaia. Hauek ez dakite nor epaitzen diharduten eta aintzat hartzen dute, bakarrik, entzuten dutena. Horren arabera aukeratzen dira musikariak. Plazak konbokatzen dira libre geratzen direnean. Jeneralean, urteko erretiratze bat edo bi izaten dira. Musikarien jatorriari dagokionez, hiru multzo daude: herena Euskal Herriko zazpi lurraldeetakoak dira; beste herena, Frantzia eta Espainiakoak; eta beste herena, Europako beste herrialde batzuetakoak. Azkeneko urteotan bertako gero eta jende gehiago sartzen da. Hasieran, ostera, Europako ekialdetik etorritakoak ziren.
Euskadiko Gazte Orkestra ere hor dago. Zeuen ardurapekoa da?
Organikoki ez. Beste elkarte batekoa da. Baina harreman oso estuak ditugu. Elkarrekin jarduten dugu sarri. Hitzarmen bat daukagu haiekin eta Euskadiko Gazte Orkestrako kide asko geurean aritzen dira kontzertu batzuetan. Musikenerekin, Euskal Herriko goi mailako musika ikastegiarekin ere badugu hitzarmena.
Zein da OSEren ohiko jarduera?
Abonu kontzertuak egiten ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan; ganbera edo kontzertu txikiak; grabazio asko, gehienbat euskal konpositoreen lanena… Opera ere egiten dugu Bilboko ABAOn eta Donostiako Musika Hamabostaldian; nazioarteko birak… eta, azkenaldian, musika gelak edo jarduera hezigarriak.
Elitekoa ez da OSE?
Ez. Sarri musika klasikoa eliteekin lotzen da. Baina ez da horrela. Gurea da orkestra publikoa, denon diruekin ordaintzen dena. Gure izatekoa da, zerbitzu publiko kulturala izatea. Abonatu jarraitzaileei eta egiten ditugun kontzertu eta bestelako jarduerei erreparatuta, esan genezake, oso gertuko erakundea dela. Hori izan nahi du, nahiz eta gorbatadunekin lotu izan diren, askotan, orkestra sinfonikoak eta musika klasikoa. Herri honen ondarea da eta bere arrazoia da ahal den eta jende gehienak erabiltzea.
Ze izen, ze ospe du OSEk gure mugetatik kanpo?
Europa mailan ezaguna da, zirkuitu sinfonikoan. Jakina, gu ez gara Vienako edo Berlingo Filarmonika. Estatu mailan puntan dago. Hiru onenen artean dago. Ramon Labaien zen Kultura sailburu OSE sortu zenean. Eta hark zioen, preziatzen den herri batek bi erakunde eduki behar dituela: orkestra sinfoniko bat eta hegazkin konpainia bat. Bigarren oraindik ez daukagu.
Helburuak bete ditu OSEk?
Sorrerako izpirituari eusten dio oraindik ere. 1982ko eta gaur egingo egoera, kultura aldetik, ez dira bateragarriak. Gainera, hasierako helburuak lortzeko, gaur egun erronka berriak ditugu.
Sortu zenean, Bilboko Orkestra Sinfonikoa ere bazen eta zalantzak sortu zituen, premiarik ba ote zegoen beste orkestra sortzeko…
Bilbokoarekin batera Nafarroakoa ere bazen, Bilbokoaz gain. OSE sortu zenean, ba egon omen zen errezelorik, baina denborak erakutsi du bateragarriak direla orkestra sinfoniko horiek. Oso harreman onak ditugu, bai goi mailan eta baita musikarien artean ere, hiru orkestren artean.
Orkestra ez profesionalen artean, Bergarako Orkestra Sinfonikoak 25 urte bete berri ditu…
Bai, eta asko pozten naiz, ze oso oroitzapen onak ditut. Tronboi jotzaile moduan aritu nintzen han eta, tarteka, teklatua jotzen ere bai. Inongo etekin ekonomiko barik, denbora librean, instrumentuak jotzeko orduak eta orduak ematen dituenak, herriaren kultura eskaintza aberasten duelarik…, sekulakoa iruditzen zait. Txapela kentzekoa. Berdin abesbatza edo bandei dagokienean, baina orkestra gutxiago daude. Arrasate Musikalek ere badauka.
Egon zinen zapatuko emanaldian?
Bai, hunkitu egin nintzen. Besteak beste, orkestrako kide asko lagun minak ditudalako. Oso polita izan zen kontzertua.
Ze harreman du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak herrietako musika eskolekin-eta?
Musika eskolekin abonu eta prezio aldetik, lerro berezia daukagu, ikasle eta irakasleak etor daitezen gure kontzertuetara. Miramonen, egiten ditugu entsegu irekiak eta musika eskoletatik ez ezik, beste ikastetxeetatik ere etortzen dira. Azken urteotan hasi gara material didaktikoa sortzen euskaraz orkestretarako-eta. Horiek banatzen ditugu musika eskoletan-eta.